2.000 lagun mobilizatu dira Baionan pentsioen erreformaren kontra

Abenduaren 5ean Estatu frantsesean greba eta mobilizazioak hasi zirenetik seigarren manifestazio jendetsua egin dute Baionan. Grand Basque biribilgunean autobiderako sarbidea ixten saiatu dira manifestariak, baina poliziek eragotzi dute blokeoa gauzatzea. Garraiolariek greban jarraitzen dute. Macronen LREM alderdiko kideak bilduta ziren ostatu batean sartu dira manifestariak.

Haritz Larrañaga|16/01/2020
Pentsioak
Pentsioen erreformaren kontrako manifestariak Baionan. (Anaiz_Aguirre)

Emmanuel Macronen Gobernuak egin nahi duen pentsioen erreformaren kontrako greba hasi zenetik seigarren mobilizazio indartsua egin dute gaur goizean Baionan sindikatuek. 2.000 lagun bildu dira manifestazioan eta Grand Basque biribilgunean autobiderako sarbidea blokeatzen saiatu dira. Ordea, manifestariek Poliziarekin egin dute topo eta handik Baiona erdigunera abiatu dira.

Macron-Delevoye proiektua atzera botatzea eskatzen zuen pankartan irakur zitekeen moduan, gaurkoan ere «enpleguagatik, zerbitzu publikoagatik eta soldatengatik» mobilizatu dira sindikatuak.

Pasa den abenduan hasi ziren Estatu frantsesean greba eta mobilizazioak eta ordutik ez dute etenik izan arlo desberdinetako langileek egin dituzten lanuzte eta protestek. Horrela, greba eragin handia izaten ari da Estatu frantsesean, batez ere garraioan. Trenbideetako langileek, esaterako, 43. greba eguna dute gaur eta Hendaia zein Baionako grebalariak ere Lapurdiko hiriburuan izan dira.

Epaitegietan ere giroa bero-bero dago. Urtarrilaren 6an hasi ziren abokatuak lanuzte eta mobilizazioak egiten eta Baionako letratuek jakinarazi dutenez gutxienez datorren astelehenera bitartean protestekin jarraituko dute.

Urtarrilaren 24rako mobilizazio handiak iragarri dituzte sindikatuek zein arlo desberdinetako elkarte eta erakundeek, izan ere, egun horretan aurkeztuko da pentsio erreformaren lege proiektua ministroen kontseiluan.

Tentsio uneak ostatuan

Baionako manifestazioa amaitu ostean manifestari talde bat Café du Théâtre ostatuan sartu da La Republique en Marche (LREM) alderdiko kideak egiten ari ziren bilkura bat oztopatzeko asmoz. Macronen alderdiko kideak ostatuko lehen solairuan ziren eta manifestarien oihuak oso gertutik entzun behar izan dituzte.

«Macronek nahi ez badu ere, gu hor gaude», «Macron dimisioa», «gazteak prekaritatean, zaharrak miserian, ez dugu horrelako gizarterik nahi» eta antzeko lemak oihukatu dituzte manifestariek.Ostatuaren kanpo aldean polizia frantsesak errepidea moztu du eta barrua aldean manifestariei lehen solairura igotzea eragotzi diete.