NAIZ

ELB: «Artzaintzarako diren eremuetatik urrun atxiki behar dira hartzak»

ELB sindikatuak hartz plana behingoz uzteko Emmanuel Macron presidenteak emandako hitza beteko duela espero du. Sindikatuak agiri baten bidez azaldu duenez, «iragan gertuko sasoiaren bilanak argi uzten du artzaingoa eta harrapakariak ezin direla eremu berdinean kokatu».

Pirinioetan hartz gehiago ez direla askatuko hitza eman du Macronek. (rtl.fr)
Pirinioetan hartz gehiago ez direla askatuko hitza eman du Macronek. (rtl.fr)

ELB sindikatuak baikorki hartu du frantziar presidenteak, Pauen bisita zelarik, hartz planaren gainean harturiko konpromisoa.

Bere agintaldiaren hasieran, bioaniztasunaren defentsa hartuz, Pirinioetan hartzak askatzeko planari jarraipena emateko engaiamendua hartu zuen Macronek.

Bi urte beranduago, Eliseoko buruak atzera egin du, egitasmo hori bertan behera utziko duela iragarriz.

ELB sindikatuak begi onez hartu du hartz plana alboratzeko erabakia, iragan urtean bortueran -mendi larretan- jarduten duten artzainek pairatu zuten egoera zaila oroitaraziz.

«Azpimarratu nahi dugu, behin eta berriz, mendiak bizirik mantentzeko bide bakarra dela artzainen presentzia azkarra» adierazi du agiri baten ELB sindikatuak. Ildo beretik, «artzaingoa den eremuetatik urrun atxiki behar direla hartzak» gaineratu du sindikatuak.

Sindikatuak ontzat eman du, bestalde, tokiko hautetsiekin batera auziari buruz elkarrizketa esparrua eratzeko Macronek eman zuen urratsa.

Hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia dela iradokiz, «Macronen ele hauek laster gauzatuko direla espero dugu eta bide beretik artzainek mendian pairatzen duten egoera onartezinari aterabide batzuen xekatzeko elkarrizketa irekiko dela» erantsi du laborarien sindikatuak.