NAIZ
Donostia

Danbor hotsez jantzi dira Donostiako kaleak 24 orduko jai herrikoi eta jendetsuan

Raimundo Sarriegiren San Sebastian martxak abiarazi du festa Donostiako kaleetan. Konstituzio plaza izan da jai horren abiatzearen lekuko, orratzek gauerdia punttuan jo dutenean. Danbor hotsak 24 orduz nagusi dira Gipuzkoako hiriburuan.

Danborradako buruzagien argazkia, Konstituzio plaza festarekin lehertu denean. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Danborradako buruzagien argazkia, Konstituzio plaza festarekin lehertu denean. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Martxa hitzak bi esanahi borobil ditu Donostian eta biek gaurko jaiarekin dute lotura zuzena. Hiria gauerditik hartuta daukate danbor hotsek, eta sortzen duten jai giroa hirigunean eta auzoetan barreiatzen da. Egunotan eguraldiak agintzen duen hotzari nagusitzen uzten ez dion San Sebastian egunaren hasierako orduek elkartasun kutsua hartu dute banderaren igoeraren aurreko uneetan. Gauerdiaren ostekoa, aldiz, kaleetan bizitako etengabeko jai giroari buruzko hamaika kronikak kontatuko dute. Soilik esan 19.000 lagun inguru biltzen duten 151 danborrada dabiltzala hirian atzera eta aurrera.

Horren aurretik, igande eguerdiko ekitaldian udalak hiritar merezimenduaren dominak eman ditu, hainbat donostiarren lana aitortzeko. Aurten bereziki erreparatu diete gizarte mailako aktibismoari, animalien eta landareen babesari, buru gaixotasuna dutenen laguntzari, adin txikiko transexualen eskubideen defentsari eta Txernobyleko haurren urteroko harrerei.

Astelehenez arreta guztia Alderdi Ederren izango da, 6 eta 12 urte arteko 5.000 haur bilduko baitira, txikien danborradan. Udaletxean, bitartean, Urrezko Danborra jasoko dute Realeko futboleko eta belar hockeyko emakumeen taldeek, joan den denboraldian lotutako tituluak aitortzeko.

Martxa ez da gauerdira arte isilduko. Aurten 150 urte bete dituen Union Artesanaren danborrada 20.30ean aterako da Euskal Herria kalean duen egoitzatik eta 23.30 aldera helduko da Konstituzio Plazara.

Ez bakarrik Donostian

Donostian ez ezik, Azpeitian ere lehertu da festa gauerditik aurrera. 1.500 azpeitiar, populazioaren hamarren bat, batu dira gaur gauean San Sebastian bezperako lehen danborradara. Aurtengoan hiru talde berri atera dira, beste 150 danbor jotzaile, 30 taldek osatu duten estreinako danborradara.

Herriko plaza, okasiorako galant eta dotore jantzia, jendez lepo bete da eta giro paregabeak gobernatu du herria, banderaren jaitsierak, astelehen gauerdian, festari akabera emango dion arte.