NAIZ

Elena Odriozola ilustratzailea, Andersen sarietarako hautagai

Elena Odriozola euskal ilustratzailea haur eta gazte literaturaren alorrean mundu mailako saririk ospetsuenetan hautagai izendatu dute. Bere alorrean Nobel sarien parekoak jotzen dira bi urtetik behin IBBYk (International Board on Books for Young People) jakitera ematen dituen Andersen sariak.

Elena Odriozola (Jon URBE/FOKU)
Elena Odriozola (Jon URBE/FOKU)

Sari artean dabil Elena Odriozola donostiarra; bitan jaso du Euskadi Saria (2009, 2013), Estatu espainiarreko Ilustrazio Sari Nazionala 2015ean eskuratu zuen eta, urte berean, Bratislavako Biurtekoan Urrezko Sagarra irabazi zuen Mary Shelleyren ‘Frankenstein’ (Nordika Libros, 2013) libururako sortutako lanagatik. Martxan jarri berri du bere argitaletxea, Editorial Modernas El Embudo eta, orain jakin denez, nazioarte mailako saririk ospetsuena jasotzeko aukera izan dezake. 

Martxoaren 30ean, Bologniako Haur eta Gazte Literatura azokan jakitera emango dituzte aurtengo Andersen sarietako irabazleen izenak. Bi urtean behin ematen dira, ilustratzaile bati eta idazle bati. Ilustratzaileei dagokionez, Odriozolarekin batera Junko Yokota buru duen epaimahaiak aukeratutako beste bost egileak honakoak dira: Isabelle Arsenault (Kanada), Seizo Tashima (Japonia), Iwona Chmielewska (Polonia) eta Albertine (Suitza). IBBYk munduan barrena dituen ordezkaritzetatik 36 izendapen jaso zituen; tartean, Odriozolarena Galtzagorri Elkarteak OEPLI proposatutakoa. Sariak IBBYren 37. Kongresuan emango dituzte, Moskun, datorren irailean.

Izendapen horietatik guztietatik sei aukeratu dituzte, eta epaimahaikideek egileen obra osotasunean aintzat hartu dutela adierazi dute. Hain zuzen, obraren kalitate estetikoa zein literarioa, baita haren freskotasuna eta berritzeko xedea ere. Halaber, haurren jakin-mina eta irudimena xaxatzeko gaitasuna eta baliabide estetikoen aniztasuna baloratu dituzte, Galtzagorriren esanetan.

Idazleen atalean, jasotako 34 izendapenetatik hautatutako sei idazleak Maria Cristina Ramos (Argentina), Bart Moyaert (Belgika), Marle-Aude Murail (Estatu frantsesa), Farhad Hassanzadeh (Iran), Peter Svetina (Eslovenia) eta Jaqueline Woodson (AEB) dira.