naiz
MUSKIZ

Sukar Horia taldea sortu dute, klima larrialdiari alternatibak proposatzeko helburuarekin

Petronor findegiaren aurrean, «Euskal Herriko enpresa kutsatzaileena» denaren parean, eman dute ezagutzera zenbait gaztek Sukar Horia plataforma. Krisi ekologikoa eta klima larrialdia landuko dituzte, «ikuspegi global batekin».

Muskizeko Petronorren aurrean egin dute agerraldia Sukar Horia taldeko kideek. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Muskizeko Petronorren aurrean egin dute agerraldia Sukar Horia taldeko kideek. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Klima larrialdiaren eta krisi ekologikoaren karietara sortutako taldea da Sukar Horia, krisi ekologikoaren inguruko «kontzientzia zabaldu eta alternatibak proposatzeko» helburua duena. Muskizen egin dute taldearen aurkezpena, Petronor findegiaren aurrean. «Euskal Herriko enpresa kutsatzaileena den eta EAEko CO2 isurien %11ren erantzulea den Petronorrera gatoz Sukar Horia kolektiboaren aurkezpen publikoa egitera», nabarmendu dute prentsaurrean.

Horrela testuinguratu dute kolektibo berriaren sorrera: «Mundu osoko zientzialari eta adituek gero eta agerikoagoa dena berresten dute: Lur planetako baliabideak agortzen ari dira, eta gizakion intrebentzioaren ondorioz klima inoiz baino arinago aldatzen ari da, datozen hamarkadetan bizitzaren errepreodukzioa, orain arte ezagutu dugun moduan behintzat, arriskuan jarriz».

Orain hilabete pasatxo Madrilen egindako klimari buruzko goi-bilerak «elite politiko eta ekonomikoen arduragabekeria» agerian utzi duela salatu dute taldeko kideek eta, era berean, Lakuari galdegin diote klima larrialdiaren aurrean neurriak hartzeko: «Eusko Jaurlaritzak darabilen hitz ponpoxoetatik haratago, politika publiko zehatz eta eraginkorrak martxan jartzea beharrezkoa dela deritzogu, jendartearen mobilizazioa aktibatuz eta instituzio ezberdinei presioa eginez, justizia sozialean oinarritutako trantsizio ekologiko baten alde».

Grebarako deia

Plataforma ezagutzera ematearekin batera, urtarrilaren 30ean egingo den greba orokorrarekin bat egingo dutela iragarri dute, «ingurumena eta bizitza erdigunean jarriko dituen gizarte eredu baterantz aurrerapausoa izango delakoan».