Naiz

Urtarrilaren 31etik martxoaren 28ra ospatuko dute Bardoak Bertsolari Txapelketa

Nafarroako Taldekako Bertsolari Txapelketaren 5. edizioan 13 taldek parte hartuko dute eta datorren ostiralean hasiko da Etxarri-Larraunen egingo duten kanporaketarekin. Finala Lizarran jokatuko da eta bertsolaritza festa bat baino gehiago izan dadin Nafarroa Oinezekin batera antolatu dute ekinema.

Gaur aurkeztu dute Bardoak bertsolari txapelketa edizio berria. (Nafarroako Bertsozale Elkartea)
Gaur aurkeztu dute Bardoak bertsolari txapelketa edizio berria. (Nafarroako Bertsozale Elkartea)

Bardoak Nafarroako Taldekako Bertsolari Txapelketa aurkeztu dute gaur goizean. 2012an sortu zen ekimena herrialdeko Bertso Eskolen sarea indartu asmoz, eta orduz geroztik bi urtetik behin antolatzen dute.

Aurtengoa bostgarren edizioa izango da eta berrikuntzak aurreikusi dituzte. Oraingoan, talde parte hartzaileen jatorrizko herriez gainera, beste sei herri batu dira saioak jasotzeko eta bertan izango dira finalaurrekoak.

Guztira, 96 pertsona bilduko ditu txapelketak: bertsolariak, gai-jartzaileak, antolatzaileak, sukaldariak... «Helduak eta gazteak, herri batekoak eta bestekoak, beteranoak eta hasiberriak, Nafarroako bertso ekosistemarako hauspo eta elkargune izango da Bardoak», azaldu dute.

Txapelketa urtarrilaren 31n hasi eta martxoaren 28an amaituko da, eta guztira hogei saio izango ditu. Finala Lizarran jokatuko dute eta lehiaketaren amaiera izateaz gain, Nafarroako bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa handia izango da. Izan ere, Nafarroa Oinez 2020rekin elkarlanean antolatutako ekitaldia izango da.

Ordura arte 13 talde lehiatuko dira. Urtarrilaren 31tik otsailaren 14ra bitartean lehen fasea jokatuko dute –lau multzotan banatuta, bertsolarien herrietan txandaka– eta sei talde pasatuko dira finalaurrekoetara.

Hauek otsailaren 29tik martxoak 24ra ospatuko dituzte Anizen, Atarrabian, Goizuetan, Jaunsaratsen, Tafallan eta Tuteran, eta horien ostean hiru talde pasatuko dira finalera.

Finala salbu, saioak elkarte girokoak izango direla aurreratu dute, eta kasu gehienetan, gainera, otorduekin osatuko dira.