IDOIA ERASO

Manex Goyhenetcheren plagioaren inguruko auzia martxoaren 17an izanen da Bordelen

Manex Goyhenetche zenaren ‘Histoire générale du Pays Basque’ liburu bildumako tarte osoak kopiatu izateagatik Dominique Lormierren kontra jarritako plagio salaketaren instrukzioa bukatu egin da, eta epaiketa heldu den martxoaren 17an izanen da Bordelen.

Manex Goyhenetche ‘Histoire générale du Pays Basque’ liburuaren aurkezpenean, 1999an. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Manex Goyhenetche ‘Histoire générale du Pays Basque’ liburuaren aurkezpenean, 1999an. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Afera 2016ko abenduan eman zen ezagutzera, Ipar Euskal Herriko hogei bat ikertzaile, irakasle eta historialarik Dominique Lormierrek orduan argitaratu berri zuen ‘Histoire du Pays Basque’ liburuan Manex Goyhenetchek 1998 eta 2002 artean idatzi zuen ‘Histoire générale du Pays Basque’ bildumatik tarte osoak kopiatu zituela salatu zutenean.

2017aren hastapenean Elkar argitaletxeak eta Goyhenetche familiak salaketa ofiziala ezarri zuen, eta bertan Lormierren ‘Petite histoire du Pays Basque’ lanean ere plagioa atzeman zuela gehitu zuten.

Elkarrek gaur igorri duen agirian adierazi du: «Ezin da aurreikusi auzi horrek zer emanen duen, baina esperantza dugu Manexi justizia itzuliko zaiola. Dena egin dugu horretarako eta egiten segituko dugu».

Epailearen agindua

2017ko abenduan Elkarreko ordezkariek eta Joanes Goyhenetchek, idazlearen anaiak, agerraldia egin zuten, Lormierrek eta Geste argitaletxeak epaitegiak ezarritako agindua betetzeari uko egin ziotela salatzeko.  

Epaileak martxoan egindako salaketaren arrazoiak balio aski handia zutela iritzita, argitaratutako liburuen stock-a konfiskatzea agindu baitzuen.

%90a, kopiatua

Lehen salaketa publikoa egin zenean 2016an, Peio Etxeberri-Aintzart historialari eta Elkarreko editoreak Lormierren liburuan beste autoreek egindako lanetatik kopiatuak izan ziren beste tarte batzuk ere atzeman zituztela erran zuen, nahiz eta ez zituen izenak ezagutzera eman. Lehen kapituluari soilik begiratuta, testuen %90a beste testuetatik kopiatua zela salatu zuten agerraldian.

2017ko maiatzean Lormierrek kaleratutako ‘Le Pays Basque sous l'occupation’ ikerketan, Michel Esteban idazlearen ‘Regards sur la Seconde Guerre Mondiale en Pays Basque’ obraren zatiak ere atzeman dituela jakinarazi zuen Elkarrek.