Haritz Larrañaga

Axi Muniain txalaparta hotsekin omendu dute Nazaren

Otsailaren 11an Nazaren (Portugal) egin zen munduko Tow-in txapelketan parte hartu zuen Axi Muniainek Australiako taldearekin. Egunean zehar hartu ziren bi olatu handienetako bat berak hartu zuen eta uretatik atera zenean txalaparta hotsekin omendu zuten autobus batean herrikidea animatzera bertaratu ziren zarauztarrek.

Oso txapelketa berezia eta arriskutsua da munduko Tow-in lehiaketa, arraun eginaz hartu ezin diren olatu erraldoiak hartzen baitituzte surflariek uretako moto baten laguntzarekin. Ez da irabazlerik, baina parte hartzaileek beraiek erabakitzen dute kontsentsuz sari desberdinak nork irabazten dituen. Muniain olatu handienaren saria irabazteko zorian izan zen, baina azkenean Kay Lenny hawaiiarrak eskuratu zuen sari hori.

Bikoteka osatzen dira taldeak, hau da surflaria eta uretako moto batekin bultza eginaz surflaria olatura eramango duen gidaria. Horrela, hamar talde edo bikotek hartu zuen parte Nazare Tow Surf Challengue lehiaketan. Ez da edonork parte hartu ahal dezakeen txapelketa bat, olatu handietan egindako lorpenei esker jasotzen da gonbidapena. Muniainek, hasiera batean ez zuen parte hartzeko gonbidapenik, baina Australiako taldean zegoen Ross Clark-Jonesek lesio bat izan zuen eta bere lekua Zarauzko lagunari eskaini zion, izan ere, duela bi urte surflari mitikoak Nazaren istripu bat izan zuenean Muniainek lagundu zion itsasotik ateratzen eta ordutik  sarri itsasoratu izan dira elkarrekin Portugalgo urautsi famatuan.

Txalaparta

Saioa amaitu eta uretatik atera zenean harrera beroa jaso zuen Axi Muniainek. Txalaparta hotsekin igo zuen urautsiaren aitzinean dagoen muinoa eta gain aldera iritsi zenean txalo artean hartu zuten zarauztarra autobus batean bertaratu ziren herri kideek. Halako harrera berorik ez zuen jaso beste inork, eta ikusle askok harriduraz begiratzen zuen, zarauztarrak irabazi zuela baitzirudien.

Azken unean jakin zuen Muniainek parte hartu ahal izango zuela eta albistea laster zabaldu zen lagun artean. Horrela, txapelketa ikustera joan ahal izateko autobus bat antolatu zuten herri kideek. Deialdia igande gauean luzatu zuten eta egun bakar batean 40 plazako autobusean 36 lagunek eman zuten izena.