Bizkaiko txakolinaren produkzioak %25 egin du gora azken urtealdian

Bizkaiko txakolinaren ekoizpena 1,5 milioi litrokoa izan zen 2019ko urtealdian, aurrekoan lortutakoa baino %25,5 gehiago. Jatorrizko Deiturara izena emandako mahastizainen kopurua 199koa da, eta AEBetakoa izan zen atzerriko merkatu nagusia.

NAIZ|13/02/2020
Captura_de_pantalla_2020-02-13_a_las_16.22.42
Bizkaiko txakolina jatorrizko izenaren 2019ko balantzea. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU).

Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileak 2019ko balantzea aurkeztu du gaur goizean behin betiko datuekin. Bertol Izagirre eta Aritza Antolin Kontseilu Arautzaileko kideek eta Maider Zalduondo Kontseiluko Sustapen teknikariak jakinarazi dutenez, 2019an Bizkaiko Txakolinaren ekoizpena 1,5 milioi litrora igo zen, aurreko urtean baino %25,5 gehiago. Hala ere, 2016an lortutako 1,8 milioi litroko markatik urrun geratu zen.

2019a ekoizpenaren errekuperazio urtea izan dela nabarmendu dute, bereziki aurreko urteko emaitza txarrak kontuan harturik. Mahasti berriak ekoizpenean sartu izanak eragin handia izan du hobekuntza horretan. Baina hala ere, mahats ekoizpena ez da nahikoa izan sektorek zituen itxaropenak betetzeko 2018ko uzta motza eta gero.

Ekoizleak aldaketa klimatikoaren efektuak nabaritzen ari dira azken urteetan. «Orain ikusten ditugun heltzeak pentsaezinak ziren duela 25 urte», adierazi du Izagirrek.

Gaur egun, Jatorrizko Deiturara izena emandako mahastizainen kopurua 199koa da, 428 hektarearekin. Txakolin zuriak ekoizpen nagusia izaten jarraitzen du, guztizkoaren % 97,7. Hala ere, beltzak %0,92tik %1,24ra egin du gora eta gorriak %0,28tik %0,58ra.

Aurreko urtealdian merkaturatutako txakolin kantitatea marka berria erregistratu ondoren (16.591 hektolitro), azken urtealdian zifra ohikoagoetara itzuli da, 14.663 hektolitro.

Kanpoko merkatuak

Produktuaren merkatu nagusia Bizkaia izanda ere, kanpoko merkatuak finkatzen ari dira. Holandan eman da salmentetako hazkunde adierazgarriena, 1,3 hektolitrotik 62,37ra. Merkatu japoniarrak, aldiz 141,2 hektolitrotik 52,2ra jaitsi da. Kanpoko merkatu nagusi bezala Estatu Batuak mantentzen dira, esportatutako 223,7 hektolitrorekin.

Izagirrek adierazi duenez, «Bizkaiko txakolina oraindik sektore txikia izan arren, hazten ari da, baita dinamismoa irabazten ere». Bere produktu nagusia ardo gaztea da, baina barrikan hartzitutako ardoa ere gora egiten ari da.