Nagore BELASTEGI
Zizurkil

Joxe Arregi eta torturatu guztiak gogoan izan dituzte Zizurkilen

Joxe Arregi hil arte torturatu ostean izendatu zuten otsailak 13 torturaren kontrako eguna. Horren arira jarduera desberdinak antolatu dituzte azken egunetan, eta gaur bertan mendi martxa, ekitaldia eta bazkaria egin dituzte. Tortura mota guztiak izan dituzte presente omenaldian.

Maribi Arregi jaso duen lore sorta torturatuei eskainitako monolitoan uzten. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Maribi Arregi jaso duen lore sorta torturatuei eskainitako monolitoan uzten. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Hil arte torturatua izan zen Joxe Arregi omendu dute gaur Zizurkilen bere izena daraman plazan. Bere heriotzetik, otsailaren 13a torturaren aurkako eguna izendatu zuten eta horrekin lotutako programa prestatu ohi dute. Gaur goizean goiz abiatu dira mendi martxa batean, eta horren ostean plazan elkartu eta omenaldiari ekin diote.

Oihana Iguaran mikrofonoaren aurrean jartzen lehena izan da. Berak tortura mota desberdinak izendatu ditu bertso sorta batean, eta emakumeek jasaten duten tortura sexuala nabarmendu du.

Izan ere, ondorengo irakurketan tortura mota hori azpimarratu dute. «Azken urtetan ugaritu dira emakumen ahotsak, feminismoari esker indartu direnak», aipatu du hizlariak. Hala ere, emandako pauso horrek garrantzia izan dezan, aitortza beharrezkoa dela esan du. Hala, Nekane Txapartegiren hitzak ekarri ditu: «Zertarako egin zuen Jaurlaritzak torturen txostena, gero kajoian gelditzeko?».

«Tortura ez zen zurekin hasi, eta ez zen zurekin amaitu», esan du Arregiri erreferentzia eginez. Torturak izkutuan mantentzen direlarik, emakumeen kontrako egindakoak are izkutuagoan gordetzen direla azpimarratu du. «Ehunka izan dira salatu duten emakumeak. Tortura sexista eta sexuala, ama ez izatearekin mehatxuak… Joxe hil eta ia 20 urte geroako Nekane Txapartegi izan zen tortura sexuala Auzitegi Gorenean salatu zuen lehena», gogoratu du, txaro zaparrada eraginez.

Tortura indarkeria matxista dela esan du, emakumeen zein gizonen kontra egiten delarik ere. «Miren Azkaratek esan zuen bezala, kontatu ezin izan zutenei zor diegu. Joxe, zuri zor dizugu», amaitu du.

Jarraian, torturatuei eskainitako monolotoaren ondoan aurreskua dantzatu dute bi dantzarik eta omenduaren arrebari, Maribi Arregiri, lore sorta eman diote, zeinek oparia han bertan uztea erabaki duen. Ekitaldiarekin amaitzeko denak batera bazkaltzera joan dira.