Jon Ormazabal

Muturreko egoerak nola kudeatu erakutsi dute Olaizola eta Urrutikoetxeak Tolosan (9-22)

Irribarria-Rezustak ez dute eurena eman Beotibarren eta Baikoek euren eskuetan daukate play offerako txartela.

Aimar Olaizolak erakustaldia eman du erasoan. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Aimar Olaizolak erakustaldia eman du erasoan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Muturreko egoeratan ideiak argi izatea zein garrantzitsua den erakutsi dute Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak gaur Tolosan eta finalerdietarako play offetara sailkatzea euren esku utzi dute, Irribaria-Rezusta 9-22 txikituta. Kolpez aurkariak baino gutxiago zirela jakin arren, Aspekoak alde batetik bestera mugituz, deseroso sentitu arazi dituzte uneoro eta play offetarako azken txartela euren eskuetan dute. Igandean, Bilbon, Ezkurdia-Martijari irabazita barruan egongo lirateke, baita aurretik larunbatean Laso-Albisuk gaur oso itxura txarra eman dute Irribarria-Rezustari irabaziko baliete ere.

Partida gogorra eta estua espero zen gaur Beotibarren baina irabazleek dena, edo ia dena, primeran egin duten bitartean, 2017ko txapeldunek ez dute ezertan asmatu. Lehia orekatu antzean hasi da, baina launako berdinketatik aurrera kolore bakarra egon da kantxan, Baikoko urdinena.

Aurrean, txapelketak aurrera egin ahala gora egiten ari den Aimar Olaizolak bere tranpan harrapatu du lekuz kanpoz eta presaka aritu den Iker Irribarria eta atzean ere, Beñat Rezustak ez dio, espero bezala, bizkarrik erakutsi fresko aritu den Mikel Urrutikoetxeak.

Beteranoek argi zuten ezin zietela arerioei joko zuzena egiten utzi eta zabalean min handia egin diete joko horretatik irteten asmatu ez duten gipuzkoarrei. 9-0eko partzial batekin partida hautsi dute eta gorriek ez dute inolako erreakziorako gaitasunik erakutsi. Erabat blokeatatuta, bikote arrunt baten itxura eman dute eta asko zaildu zaizkie gauzak.