NAIZ
GASTEIZ

1.400 nekazaritza ustiategi eta 370 abeltzaintza ustiategi desagertu dira Araban hamahiru urtean

Eustaten datuen arabera, hamahiru urtean 1.400 nekazaritza ustiategi eta 370 abeltzaintza ustiategi desagertu dira Araban. EH Bilduk salatu duenez, «urtetik urtera, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiak, baserriak eta upeltegiak desagertzen ari dira, eta lurra gero eta esku gutxiagoren menpe dago».

Arabako Lautada. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Arabako Lautada. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Arabako lurraldearen %32 nekazaritzara bideratuta dagoen arren lehen sektorea «krisi egoeran» dago. Hala salatu du EH Bilduk: «Urtetik urtera, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiak, baserriak eta upeltegiak desagertzen ari dira, eta lurra gero eta esku gutxiagoren menpe dago». Izan ere, Eustaten datuen arabera, hamahiru urtean 1.400 nekazaritza ustiategi eta 370 abeltzaintza ustiategi desagertu dira herrialde horretan.

«Hori dela eta, EH Bilduk sektorearen etorkizunari buruzko eztabaida sakona bultzatu nahi du eta, horretarako, Europako eta Ipar Euskal Herriko beste esperientzia batzuei begiratzea erabaki du. Izan ere, leku horietan uzteak bertan behera gelditzea lortu dute eta, aldi berean, duintasuna itzuli diote sektoreari», adierazi du, eta Ipar Euskal Herrian Laborantza Ganbara abian jartzea lortu dutela gogoratu du.

Bestetik, Europako Parlamentuan Nekazaritza Politika Bateratu berria eztabaidatzen ari direla ohartarazi du. «Murrizketak aurreikusten dituzte orain sektorera bideratzen diren laguntzei dagokienez. Hori dela eta, EH Bilduren ustez, beharrezkoa da lehen sektoreko eta landa-inguruneko pertsonekin egoeraz hausnartzea, baita ideia eta proposamendu berriak mahaiaren gainean jartzea eragile sozial eta politikoen premiak eta mehatxuak aztertuz», gaineratu du.

Bove eta Berhokoirigoin

Helburu horrekin, Jose Bovek eta Mixel Berhokoirigoinek lan jardunaldiak egingo dituzte datozen egunetan Gasteizen. Lehena europarlamentaria eta nekazaritza sindikalista da, eta lehen eskutik ezagutzen du Europako nekazaritza politika. Bigarrena Euskal Herriko Laborarien Batasunaren eta Euskal Herriko Laborantza Ganbararen sortzaileetako bat da.