NAIZ

Durangoko Historia Museo eraberritua inauguratu dute

Durangoko Arte eta Historia Museoa 2018an ireki zuten lehenengoz eta, bi urteotan hainbat hobetze lan eginda, eraberrituta inauguratu berri dute orain. Aretoak egokitzeaz gainera, audiogida sistema ere izango du, hiru hizkuntzatan.

Historia Museoak historiaurretik gaur egunerako gertakari aipagarrienak biltzen ditu. (NAIZ)
Historia Museoak historiaurretik gaur egunerako gertakari aipagarrienak biltzen ditu. (NAIZ)

Durangoko Arte eta Historia Museoak 2018an zabaldu zituen ateak, sei hilabeteko lanen ondoren, museoaren irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko hainbat lan egin baitziren denbora horretan. Lan horiei esker, azken bi urteetan Arte museoan Picasso edota Durero bezalako artista garrantzitsuen erakusketak eskaini dira Durangon.

Arte garaikideko aretoko lanak ere lekuz aldatzeko erabakia hartu zen lan horietan (ordena kronologikoa jarraituz) eta Historiako aretoa guztiz eraberritzeko erabakia hartu zen.

«Bi urteko lanen ostean Historiako aretoa zabaltzen dugu gaurkoan. Pausoz pauso, gutxinaka-gutxinaka, Durangoko eta Durangaldeko historia ulertzeko espazio bat eraiki da museo honetan. Espazio honi esker, durangarrok zein kanpotik datozenek gure herria hobeto ulertzeko aukera izango dute», adierazi du Ima Garrastatxu alkateak.

Lan hau burutu ahal izateko kanpo laguntza izan dute. Zehazki, aholkularitza historikoa Belen Bengoetxea Rementeria arkeologo eta EHUko arkeologia irakaslearena izan da, eta diseinua, berriz, Beatriz Piren esku egon da.

Areto didaktikoa

Areto honetan, Historiaurretik gaur egunera bitarteko gertakari garrantzitsuenak bildu nahi dira, era didaktikoan. «Gainera, hizkuntza inklusiboa erabili da, emakumezko eta gizonezkoen presentzia era parekatuan azalduz», zehaztu dute. Ikusentzunezkoei ere tartea egin zaie, lau bideo ezberdin sortuz eta erakusketan zehar txertatuz.

Bide horretatik, audiogidak ere prestatu dituzte: QR kodearen irakurketaren bidez norberak bere mugikorrera jaitsi dezake audiogida, hiru hizkuntzatan (euskara, gaztelera eta ingelesa).

Museotik zehaztu dutenez, Historiako aretoan sei pista daude eta era orokorrean areto guztiko garaiak eta gertaerak kontatzen dira. Testu hauen egilea Belen Bengoetxea Rementeria izan da. Arte Garaikideko testuak, aldiz, Mikel Onandia Garatek (EHUko irakaslea eta arte kritikaria) egin ditu eta 15 pistek osatzen dute ibilbidea.