Nafarroako Liburuaren Plataforma abian da literatura eta irakurketa sustatzeko helburuz

Nafarroan liburuaren sektorearekin lotura duten eragile eta kolektiboak elkarlanean aritzeko espazio gisa sortu da. Astearte honetan aurkeztu da Iruñean. Liburua defendatu, edizioa, literatura eta irakurketa sustatu eta Nafarroako edizioa eta literatura bultzatzeko ‘marka’ propioa sortzea dira, besteak beste, helburuak.

NAIZ|18/02/2020
Liburuaren-plataforma
Nafarroako Liburuaren Pltaformako kideek agerraldia egin dute Iruñean. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Nafar Idazleen Elkartea (NIE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Nafarroako Editore Independenteen Elkartea, Nafarroako Liburu Saltzaileen Elkartea, Nafarroako Liburuzainen Elkartea, Nafarroako itzultzaileen kolektiboa eta Nafarroako ilustratzaileen kolektiboa dira plataformako kideak.

Astearte honetako agerraldian azaldu dutenez, Nafarroan liburuaren sektorearekin lotura duten kolektibo enpresarial, profesional eta sozial guztien elkarlana bideratu nahi dute sektorearen interesak defendatzeko.

«Euskarri kulturala den aldetik, liburua defendatu eta sustatzea eta Nafarroako egileak eta sormenaren, itzulpengintzaren, edizioaren eta liburuaren banaketa, salmenta eta hedapenaren arloan lanean ari diren herrialdeko enpresa eta industriak babestea» ere badute helburu.

Edizioa, literatura eta irakurketa sustatu eta jendarteratzea da beste asmoetako bat, haien adierazpide guztietan eta Nafarroako hizkuntzetan. Honekin batera, Nafarroako edizioa eta literatura bultzatu nahi dute, «marka propio bat sortzen berariaz lagunduz eta horretarako ekitaldiak antolatuz eta ikerketa dibulgazio jarduerak sustatuz».

Liburuaren sektoreari aitorpen ekonomiko, instituzional eta soziala egiten zaiola ere zaindu nahi du plataformak.

Erakunde publiko eta pribatuen artean harreman eta kolaboraziorako bideak sustatzea ere badute xede. «Liburuaren sektorea erakunde foralen zein erakunde eta entitate estatal eta lokalekin mintza dadin bultzatuko dugu, baita elkarte edo plataforma estatal edo europarrekin ere, baldin eta edizio eta sormen literarioa antolatzen bada enpresa eta profesionalen eskubideak eta interesak defendatze aldera», azaldu dute. 

Nafarroako kultur ondarea eta hizkuntza aniztasuna babestu, jakitera eman eta sustatzen laguntzea da, zehazki literatur sormena eta edizioari dagokion guztian, sortu berri den plataformaren beste helburuetako bat.

 

NAIZ
Loading player...


KONPROMISOA, ERANTZUKIZUNA, ZORROZTASUNA

 

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, martxoaren 30etik aurrera, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.