NAIZ
GASTEIZ

Kirol alorrean LGTBI+fobiaren aurka borrokatzeko deia egin du Ikusgune behatokiak

Asteazken honetan kirol esparruan LGTBI+fobiaren aurkako nazioartekoe eguna ospatzen dela eta, Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak alor horretan generoaren araberako bereizketarekin bukatzeko eskatu du eta sentsibilizazio, kontzientziazio eta baloreen hezkuntzarako programak aldarrikatu ditu.

Otsailaren 19a kirol alorrean ematen den LGTBI+fobiaren aurkako nazioarteko eguna izendatu zuten. Britainia Handian du jatorria, Justin Fashanu futbolari profesionalak bere homosexualitateari buruz publikoki hitz egin zuenean, 1991n. Hori dela eta, taldea uztera «gonbidatu» zuten eta bere buruaz beste egin zuen zazpi urte beranduago.

Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak deitoratu duenez, azken asteotan kirol esparruan izan diren hainbat homofobia kasu azaleratu dira –Muskizen arbitro baten aurkakoa azkenetakoa– eta horrek futbolari britainiarraren istorio tragikoa «kategoria guztietako kirol esparruetan dugula» gogora ekarri dio.

«Kirolak sexuaren arabera bereizten ditu jokalariak oraindik ere, eta gizonezko taldeen hegemoniak emakumezkoen ikusezintasuna eta diskriminazioa eragiten du, zeinek prekarietate eta egoera infantilizatuago batean eta gozatu behar duten kirolaz», salatu du, eta egoera hori banakako parte hartzea duten kiroletara ere hedatzen dela gaineratu.

Azaldu duenez, nazioarteko legediek trans pertsonek eliteko kiroletan parte hartzea ekidin dezakete sentitutako generoaren arabera, eta ez jaiotzean egokitutako generoaren arabera. IAAF Atletismoko Federazioen Nazioarteko Elkarteak eta Nazioarteko Batzorde Olinpikoak balorazio biologiko eta genetikoen arabera erabakitzen dute pertsona bat gizona ala emakumea den, «helburu konpetitiboak kontuan hartuz». 

Ikusguneren iritziz, jaiotzean esleitutako generoaren araberako bereizketa binarioa «neurri transfoboa da». «Trans pertsonek sentitutako generoaren errekonozimendurako prozesu ezberdinak jasan behar dituzte, maiz iraingarriak direnak eta genero konkretu batean kokatzera behartzen dituztenak, edonoren eskubidea izan beharko litzatekeen generoaren autodeterminaziorako aukerarik gabe», adierazi du.

Horrekin batera, gizonezkoen kiroletan transmititzen diren maskulinitatearen baloreak LGTBI+fobiaren «sortzaileak» direla uste du, eta «genero rolak betetzen ez badituzte, kirolari hauek irainak, jazarpena edo isolamendua jasango dute gizon heterosexualaren kanonarekin bat ez badatozte». 

Emakumezkoen kirolaren kasuan, behatoki arabarrak nabarmendu duenez, «jokalariek ikusezintasuna eta mespretxua jasango dute zelaian eta lesbofobia kanpoan feminitatearen rolari esleituta ez dagoen kirol bat praktikatzea erabakitzen».

Ikusguneren aburuz, hainbat puntu hartu behar dira kontuan LGTBI+fobiaren aurka borrokatzeko, hala nola kirol alorrean LGTBI+fobia existitzen dela eta horren jatorrian «talde, klub eta federazioeen ardura esplizituki aitortzea»; LGTBI+fobikoa den erakusketa edo jarrera oro zelaietatik desagerraraztea; adierazpide edo jarrera LGTBI+fobikoekin zerikusia duten zigorrak bete daitezela ziurtatzea; sentsibilizaziorako, kontzientziaziorako eta baloreen hezkuntzarako programak bultzatzea, «Administrazio publiko guztiak, taldeak, klubak eta federazioak partaide izanik», eta generoaren araberako bereizketarekin amaitzea kirol eta kirol kategoria guztietan.