Maite Ubiria
Interview
David Pla
ETAren mintzakide ohia

«Hendaiara bueltatu eta handik aurrera Euskal Herri osoan libre ibiltzea da nire helburua»

Asteazken iluntzean Madrilgo Soto del Realgo espetxea atzean utzita azken hamarkadan zapaldu gabe zuen sorterrira itzuli zen David Pla ETAko mintzakide ohia. Oraindik ere egoera berria ezin badu guztiz barneratu ahal, kontent da «aspalditik ikusi gabeko kaleak eta agurtu gabeko ezagunak» berriz gurutzateko aukera izanen duelako. Hala ere bere helburua Hendaiara bueltatu eta «Euskal Herrian libre ibilitzeko» eskubidea berreskuratzea da.

David Pla, Iruñeko Gaztelu plazako kioskoan. (Iñigo URIZ/FOKU)
David Pla, Iruñeko Gaztelu plazako kioskoan. (Iñigo URIZ/FOKU)

Gurasoek Zizurren duten etxera itzuli berri da David Pla. Bere asmoa Lapurdira bueltatzea bazen ere, Auzitegi Nazionaleko epaile Maria Tardonek, fiskalak eginiko eskaerarekin bat eginez, «espainiar lurraldetik ateratzeko» debekua ezarri ostean, Euskal Herrira itzuli bai baina bikotekide eta seme biekin batera Hendaian duen etxera ezin du oraindik bueltatu.

«Bi estatuen menpe bizi garenez, behin eta berriz topatzen gara inposatutako muga horrekin», azaldu du telefonoaren bestaldetik. «Lehen ezin nuen Iruñera etorri eta orain debekatu didate nire bizitokia dudan herrira, Hendaiara, joatea», laburbildu du.

Izan ere, bere auzia laster itxita izanen dela espero du eta horrek «normala ez den egoera gainditzea» ahalbideratuko diolako, kontent ageri da preso ohi nafarra.

Hala eta guztiz ere, «logika zaharrari giltzatuta» jarraitzen duten estatuen jokabidea salatzen du, «batzuek euskal independentisten ingurugune naturala kartzela dela uste dutela» esanez. Horren aurrean, «preso politikorik gabeko herria eraikitzen jarraitzeko» deia egin du Iruñeko Alde Zaharra bisitatu aurretik NAIZi emandako elkarrizketan.

Zein izan dira zure inpresioak aspaldi utzi zenuen hirira berriro itzulita?
Oraindik asko ez naiz ibili, atzo berandu iritsi ginelako Madrildik, baina beti eragiten dizu zerbait barruan etxera bueltatzeak. Paisaia aldatu da, Euskal Herri osoan bezala, baita Iruñean ere. Eraikin berri asko ikusi ditut. Hala ere, egia esan, gogoa badut betiko tokietatik ibiltzeko, esaterako Iruñeko Alde Zaharrera berriro joateko. Gehienbat betiko kaleak eta aspaldiko ezagunak ikusteak egiten dit ilusioa.

Zenbat urte eman dituzu Iruñetik at?
Kasik hamaika urte, zehazki 2009. urteaz geroztik. Sentsazio bitxia da, baina oraindik ez dut guztiz barneratu, dena oso hurbil dagolako.

Ordu batzuk baizik ez dira pasa, behin Parisek entregatu ondoren, espainiar Auzitegi Nazionaletik pasatu zinela. Espero zenuen bezala joan zen saioa? Auziaren amaiera emateko lehen urratsa izan zen atzokoa
Guk espero genuen bezala gertatu zen. Auzia, berez, argia zen. Alde batetik Guardia Zibilak asmatutako frogak ziren, eta bestetik egitate berdinak direnez, auzia epaitua dela. Hala ere, dena oso argi izanik ere, handik pasatu behar izan dut, eta Justizia horrekin inoiz fidatzekorik ez dagoenez, gauzak gertatu arte ezin genuen ezer ziurtzat eman. Azkenik, pozik atera ginen. Seguruenik alderik txarrena Hendaiara itzuli ezin izana izan zen.

Hendaiara ezin bueltatu, espainiar Estatutik ateratzeko debekua ezarri dizutelako.
Berriz topatu gara inposatutako muga horrekin. Lehen ezin nuen Iruñera etorri eta orain debekatu didate bizitokia dudan herrira, Hendaiara, joatea.

Gertatutakoak erakusten du gure herrian orandik ere badugula zama hori. Bi estatuen menpean gaudenez ezin dugu gure herritik nahi bezala ibili. Espero dezagun epe ez oso luzean traba hori ere gainditu ahal izatea. 

Pozik baina orandik ere auzia itxitzat noiz emango duten zain.
Pozik nago, noski, baina horrelako egoeretan beti prebentzio txiki batekin jokatzea komeni da. Badakigulako nahiz eta kasu argiak izan batzuek oraindik ere atzera begira jarraitzen dutela, eta betiko mentalitate zaharrarekin, errepresioaren logika segitzen dutela, nahiz eta aspalditik garaia den alderantzizko norabidea hartzeko. Herri honek behar du aurrera egin, eta behar dugu presorik gabeko herria eraiki. Lehenago edo beranduago gatazka politikoari aurre egiteko erronkari beharko zaio aurre egin ere, nahitaez.

Dei Auzitegian zu espainiaratzeko euroagindua babestu zuen prokuradoreak (fiskalak), ondoren epaileak lerro bera jarraitu zuen.
Frantziak nire auziarekin errazena egin zuen: euroagindua onartu eta auzia espainiarren esku jarri zuen. Hala ere, argi dago Estatu frantsesean arazo handi batekin egin dugula topo, Fiskaltzak ez duelako barneratzen egoera berria eta, ondorioz, ez dago prest egoera horrek eskatzen dituen urratsak egiteko. Hori izan da hartu duen jarrera nire auzian, baina baita baldintzapeko askatasun auzietan eta abar. Prokuradorearen jarrera tamalgarria izaten ari da.

Espainiar Auzitegi Nazionalean, berriz, fiskalak, baldintza batzuk eskatuta ere, ez zuen oztoporik jarri zu kalean uzteko.
Iragana ikusita ez da oso ohikoa. Agian nire kasua oso argia zenez, baina jarrera positiboa hartu zuen fiskalak. Oraindik ere, hori bai, ezin dut libre bizi ezin dudalako nahi dudan tokietatik ibili, baina aurreraurrats bat egon da eta gehiago etorri beharko dira, eragile guztien partetik.

Zaila da ulertzen azaroan onartu zen euroagindu bat tarteko, Parisek berehala entrega gauzatu ordez zu Baionako kartzelan sartzea hainbat egunez, tartean familia oso bat dantzan jarriz. Zer azalpen ematen diozu jokabide horri?
Badago mentalitate bat oso barneratuta. Batzuek uste dute euskal independentisten ingurune naturala kartzela dela. Gu bost egun kartzelan edukitzea ez da arazo bat jende horientzat. Hori salagarria da. Ni astean bitan joaten nintzen kontrol judiziala betetzera. Oso erraza zeukaten berehala entrega gauzatzea, baina pentsatu zuten, omen, ez zela larriegia ni hainbat egun kartzelan atxikitzea. Nolabait guk geuk asumitu dugu jokabide hori.

Normalizatu dugu kartzelara eramateko aukera? Zure kasuan arrazoi argiak badira euroaginduaren erabilpen maltzur bat egon dela esateko?
Bai, normalizatu dugu. Baina hasi behar dugu horri merezi duen garrantzia ematen. Egia da gure historia hor dagoela, baina askatasun politiko eta zibilen eremuan gaur egun dugun atzerapen hori ezin dugu normaltzat hartu. Nire kasuak hori erakusten du. Oso merke ateratzen dela, beste egoera batean izanik ere, askatasunen urraketa horrekin jarraitzea.

Haserre sumatzen zaizu oraindik.
Egun horietan kartzelan haserre egon nintzen, bai. Alde batetik asumitu behar dituzu kartzela egun horiek, han zaudelako, eta badakizulako dena ondo joanez gero tarte txiki baterako zaudela han. Baina haserre hori sentitu nuen, bai, barru-barruan, batez ere pentsatzen nuenean nire familiak ahal zuela asteburu hori lasai asko gozatu eta, aldiz, ni kartzelan atxiki nindutenez beraiek ere ni bezala kartzelaren bueltan egotera behartu zituztela. Ez da normala, ez da onargarria ere kartzela euskal independentisten ingurunea dela pentsatzen, eta horren arabera jokatzen, jarraitzea.

Hain zuzen, zure askatasuna dela eta poztasuna agertu bai, baina euroaginduaren erabilpen ankerra salatu zuten berehala Bake Bideak eta Bakegileek. Aurrera egiteko orduan traba da euroagindua? Behar da indar berezia egin aurrera begira?
Ipar Euskal Herrian batez ere lan bat egiten ari da gai horri buruz, baita beste hainbat tresnen gainean ere. Beste logika batekin funtzionatzea da aldarrikapena. Herri honek badu eskubidea preso politikorik ez izateko. Badu eskubidea iraganeko logikak gaindituz beste dinamika batean sartzeko, eta horretan jarraitu behar dugu indarra egiten. Ni behintzat asetuta nago, ez nire kasuan soilik baizik eta orokorrean ematen den erantzunarekin. Eragile sozial eta politikoen aldetik lan ona ari da egiten bestelako etorkizuna lortzeko. Noski, behar dugu indarra egiten jarraitu, irmotasunez, Estatua logika berri horretara ekartzeko.

Nola irudikatzen duzu etorkizun hurbila?
Frantziar Estatuan bete nuen kartzela zigorra eta egitate berdinengatik ezin naute berriz epaitu espainiar Estatuan. Zain gaude ea afera noiz ematen duten epaitutzat eta, horrela, auzia erabat ixten den. Hori da mahai gainean dagoena epe motzera: onartzea auzi epaitua izan dela eta ondorioz artxibatzea auzia.

Hendaian irudikatzen duzu zure bizitza.
Zalantzarik gabe. Auzitegian berri onak jaso genituen astezkenean, baina geratzen zaigu arantza hori, berriz ere familiarengandik banatua nagoela. Lehen esaten nizun bezala, batzuek orandik ez dituzte gauzak baloratzen, ez dute kontuan hartzen beraien erabakiek dituzten ondorioak. Hala eta guztiz ere nire asmoa da ahal den eta azkarren normala ez den egoera hori gainditzea eta ahal den eta azkarren Hendaiara bueltatzea, nire familiarekin. Beraz, lehenbailehen Hendaiara eta handik aurrera nahi dudan tokitik, Euskal Herritik, nahi bezala ibili ahal izatea. Ez baita normala gure herrian, han edo hemen, libre ezin bizitzea.