Ion SALGADO
GASTEIZ

Kapitalismoak eragindako beldurrari aurre egiteko beharra azpimarratu du Otegik kanpusean

Gasteizen EHUk duen Campusean egon da Arnaldo Otegi azteazken honetan. Gaur egungo hezkuntza eredua «kolapsatua» dagoela adierazi du eta «kapitalismoak eraikitako beldurrari» aurre egiteko gonbita egin die ikasleei.

Arnaldo Otegi, Gasteizen eskainitako hitzaldian. (NAIZ)
Arnaldo Otegi, Gasteizen eskainitako hitzaldian. (NAIZ)

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak gaur egungo hezkuntza eredua «kolapsatua» dagoela salatu du Gasteizen EHUk duen Campusean eskainitako hitzaldi batean. Gazteen aurrean nabarmendu du datozen urteetan mundua aldatuko dela, kontsumitzeko eta ekoizteko ereduak aldatuko direla, eta horrek lan merkatuan eragina izango duela. Etorkizuneko lanpostuak ezberdinak izango dira, eta bere ustez, neurriak hartzeko unea heldu da.

Azaldu duenez, ikasleek eta hezkuntza eragileek batera lan egin behar dute «kapitalismoak eraikitako beldurrari» aurre egiteko. Izan ere, indarrean dagoen eredu ekonomikoak «ziurtasun-gabezia» zabaldu du gazteen artean. «Ez dakizu hemen lan egingo ote duzun, zein baldintzetan, ez dakizu kanpora joan beharko zaren... kapitalismoak beldurra sortzen du. Eta hori da trukoa, beldurra hobekien kudeatzen duena irabazten duelako», gaineratu du.

Ideia horrek egoera politikarekin harreman zuzena duela adierazi du. «Nork ematen zuen orain arte ziurtasuna? EAJk, eta beldurra izan da orain arte erabili duten trukoa», adierazi du Otegik. Zaldibarko hondamendiak sortutako krisia EAJren mezua kolokan jarri duela ohartarazi du. «Eta hori katastrofikoa izan daiteke beraientzat», esan du EAEko «oasiaren azpian amiantoa» dagoela irudikatu ondoren.

EH Bilduko koordinatzaileak Zaldibarren EAJk egindako kudeaketa «tamalgarria» izan dela adierazi du, eta beste hainbat gai jorratzerakoan jeltzaleek izan duten jarrera kritikatu du. Autogobernuaren alorrean, esaterako, gogoratu du EH Bilduk akordio bat lortu zuela EAJrekin erabakitzeko eskubidea estatus politiko berriaren oinarri izateko, baina «klandestinoki» jeltzaleek akordioa apurtu dutela eta PSE eta Elkarrekin Podemosekin «aliantza» berri bat sortu dutela.

Haren ustez, EAJk ez du nahi Madrilen «konfrontazioan» oinarritutako estrategia martxan jarri nahi, eta agerian utzi ditu EH Bildu eta EAJren artean dauden ezberdintasunak erabakitze eskubideari buruz hitz egiterakoan. Zentzu honetan, adierazi du EH Bilduk burujabetza aldarrikatzen duela «dena erabakitzeko», ez bakarrik independentzia bai ala ez hautatzeko. Gizarteak etxebizitzari, ingurumenari eta beste hainbat gairi buruz erabaki behar duela nabarmendu du.

«Burujabetza zer da? Sinplea da. Nork, zer eta non», esan du, herritarren parte hartzea aldarrikatuz.