Seaskako langileak Baionako herriko etxeko balkoira atera dira erretreten erreforma salatzeko

Erretreten erreformaren kontrako hamargarren mobilizazio egun honetan Seaskako langileak Baionako udaletxeko balkoira igo dira, 2.000 pertsona bildu dituen manifestazioa pasatzen ari zen momentuan. Balkoitik eta azpian bildu diren 40 pertsonek, eltzeekin zarata atera dute. Lehen protesta eguna da astelehenean Asanblea Nazionalean erreforma eztabaidatzen hasi zenetik.

Haritz Larrañaga/Idoia Eraso|20/02/2020
Loading player...

‘Erretreta erreformari ez, justizia soziala bai’ zegoen idatzita Ipar Euskal Herriko ikastoletako langile eta burasoek Baionako udaletxeko balkoira atera dituzten karteletan. 20 bat pertsona eraikineko aurrealdera igo dira, eta beste hainbeste azpian gelditu dira, bertaratzeko ateak itxi dizkietelarik. Eltzeekin harrabotsa atera dute atentzioa deitzeko eta ekintzari indar gehiago emateko.

Mobilizazio egun guztietan egin izan den bezala, gaur ere martxa Baionako geltokitik abiatu da, baina oraingoan zubia zeharkatu eta udaletxe aintzinetik iragan denean, Seaskako kideen ekintza agerian gelditu da.

«Ekintza ikusgarria da, eta manifestazioa herriko etxearen aitzinetik pasatzen baita mobilizazioari indar gehiago ematen dio. Hemen egin dugu estatuaren erakunde bat baita» azaldu du mobilizazioan parte hartu duen Irati Salaberria Goñi, Baigorriko ikastolako irakasleak.

Pentsioen erreformaren eztabaida parlamentuan eztabaidatzen ari den honetan, «mobilizatzearen garrantzia orain handiagoa» dela azaldu du Iraia Arin, Senpereko ikastolako irakaslea eta Seaskako burasoak.

Baigorriko irakasleak gaineratu du: «Irakasle eta buraso batzuk bildu gara, protesta egin nahi dugulako Macronen erreformaren aurka, dena pobretzeko egina baita, eta hori ez dugu onartzen ahal».

Arinek «alarma pizteko, amankomunean ekintza bat» egitearen garrantzia azpimarratu du. Eta Seaskako krisi taldeak antolatu duen ekintza dela azaldu du.

Martxa Santu Izpiritu auzotik atera denetik furgoneta batetik LRM, Macronen alderdiaren kontrako parodia bat egin dute manifestari batzuk. 2.000 pertsona elkartu dira protestan

Greba eguna dela eta Biarritzeko aireportuan 26 hegalditik 12 bertan behera gelditu dira.

Asanblea Nazionalean

Astelehenenean abiatu zen Asanblea Nazionalean pentsioen erreformari buruzko eztabaida. Hurrengo 15 egunetan izanen da, sesioak ez badira luzatzen. Parlamentura adostutako testurik gabe heldu den informearen kontrako 40.000 zuzenketa ezarri dituzte oposizioko alderdiek.

LINKS