NAIZ
GASTEIZ

7.500 euro inguruko soldata arrakala, ezberdintasuna betikotzen duen faktoreetako bat

Larunbatean Emakume eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Eguna ospatuko da. Gaur egun emakume eta gizonen arteko soldata arrakala 7.500 euro ingurukoa dela salatu du Emakundek.

Soldata arrakalaren aurkako elkarretaratzea. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Soldata arrakalaren aurkako elkarretaratzea. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

EAEn emakume eta gizonen arteko soldata arrakala 7.500 euro ingurukoa dela salatu du Emakundek, eta gogoratu du soldata diskriminazioa dela gaur egun emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna eragin eta betikotzen duen faktoreetako bat.

«Soldata arrakala arazo konplexua da, egiturazkoa eta dimentsio anitzekoa, eta horri heltzeko ere erantzun integrala behar da, eta inplikatutako eragile eta eremu guztietatik etorri behar du», adierazi du Emakundek, bihar Emakume eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Eguna ospatuko dela ohartarazi duen erakundeak.

Ohar batean azaldu duenez, langile bakoitzeko bataz besteko irabaztea 31.000 euro ingurukoa da gizonen kasuan eta 23.500 euro ingurukoa emakumeen kasuan. Sektoreak kontuan izanda, diferentzia handienak zerbitzuen sektorean ematen dira, hain justu, emakume gehien duen sektorean.

Genero-arrakala Euskadiko lan-merkatuan azterlanak, Emakunderen eskariz EHUko Ekonomiako Katedradun Sara de la Ricak eginak, ondorio hau atera du: sexuagatiko bereizketa okupazionala dela eragin handiena duen faktorea, %35era arte, emakumeen eta gizonen arteko soldata-arrakalan.

«Bereizketa horrek eraginda, emakumeek eta gizonek genero-rolei lotutako lanbideetan egiten dute lan, eta ziurtatu ahal izan denez, soldata-arrakala progresiboki doa handitzen lanbide batean emakumeen kopurua handitu ahala», salatu du.

Emakundek dionez, hileko soldatan ikusten den arrakala % 24koa da. «Arrakala hori, alde batetik, lan egindako orduetan ikusten den arrakalak (%14) eragindakoa da eta, bestetik, orduko soldatan ikusten den arrakalak (%11) eragindakoa; gizonek %11 gehiago kobratzen dute lan egindako ordu bakoitzeko, emakumeen aldean», nabarmendu du.

Arrakala sortzen laguntzen duten faktoreetako bat lan-merkatuan lan egindako orduen kopurua dela esan du. Lanaldi partzialak, EAEn, gizonen %7rengan bakarrik du eragina eta, emakumeen kasuan, %25engan.

«Partzialtasuna, ondorioz, emakumeen artean gertatzen da ia osorik eta borondatez kontrakoa da gehien-gehienetan, lanaldi partziala duten lau emakumetik bik bakarrik adierazten baitute egoera horretan daudela lanaldi osoa izateko aukerarik ez dutelako, eta lau emakumetatik batek dio senideak zaindu ahal izateko duela lanaldi partziala», dio.

Soldata/orduan ikusten den arrakala %11koa da. Emakunderen iritziz, «ezberdintasun horren eragileak faktore ugari izan daitezke, besteren artean, ezberdintasunak giza kapitalean, lan-baldintzetan, edo datuek atzeman ezin dituzten beste faktore batzuk, soldata-diskriminazio zuzena barnean hartzen ez dutenak».

«Azterlanean lortutako emaitza nagusietako bat hau da: orduko soldata-arrakala handiagoa litzateke (% 14,7koa % 11koa izan ordez) baldin eta emakumeek gizonek baino goragoko hezkuntza-mailak eskuratuko ez balituzkete. Horrek adierazten du Euskadiko emakumeen hezkuntza-maila handiagoak nabarmen aritzen duela soldata/orduan ikusten den arrakala», gaineratu du.