NAIZ
BARAÑAIN

Plaren aurkako jazarpena salatu eta konponbide demokratiko bat aldarrikatu dute Baraiñainen

Ehunka herritarrek zeharkatu dituzte Barañaingo kaleak David Pla preso ohia pairatzen ari den jazarpena salatzeko eta konponbide demokratikoa aldarrikatzeko.

Gaurko manifestazioa. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Gaurko manifestazioa. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Ehunka lagun bildu dira Barañainen David Plaren aurkako jazarpen polizial eta juridikoa salatzeko eta konponbide demokratiko bat aldarrikatzeko.

Ahotsa webguneak argitaratu duenez, Plak parte hartu du manifestazioan. «Nahi gaituzte iraganean iltzatuak eta bada garaia esateko aski dela», nabarmendu du, eta herri honek «aurrera begiratu nahi duela» adierazi du.

«Herri honek badu eskubidea errepresiorik gabe bizitzeko eta preso politikorik gabe bizitzeko», gaineratu du.

Pla asteazken iluntzean Madrilgo Soto del Realgo espetxea atzean utzita sorterrira itzuli zen. Bere asmoa Lapurdira bueltatzea bazen ere, Auzitegi Nazionaleko Maria Tardon epaileak, fiskalak eginiko eskaerarekin bat eginez, «espainiar lurraldetik ateratzeko» debekua ezarri ostean, ezin du oraindik Hendaiara bueltatu.

NAIZi eskainitako elkarrizketan adierazi zuenez, «bi estatuen menpe bizi garenez, behin eta berriz topatzen gara inposatutako muga horrekin». «Lehen ezin nuen Iruñera etorri eta orain debekatu didate nire bizitokia dudan herrira, Hendaiara, joatea», laburbildu zuen.

Bere aurkako euroaginduari dagokionez, Pla Parisek «errazena» egin zuela salatuz zuen: «Euroagindua onartu eta auzia espainiarren esku jarri zuen».

«Frantziar Estatuan bete nuen kartzela zigorra eta egitate berdinengatik ezin naute berriz epaitu espainiar Estatuan. Zain gaude ea afera noiz ematen duten epaitutzat eta, horrela, auzia erabat ixten den. Hori da mahai gainean dagoena epe motzera: onartzea auzi epaitua izan dela eta ondorioz artxibatzea auzia», esan zuen.

«Ez da kasualitatea»

Barañaingo manifestazioaren amaieran irakurritako agirian azaltzen denez, «azken hilabetetan Davidek bizi izan duen egoera ez dela kasualitatea izan. Egun bizi dugun testuinguruan, inoizko adostasun zabalena dagoenean euskal gizartean espetxe-politika aldatzearen alde, Euskal Herriak bizi duen urteetako gatazka politikoa bere osotasunean konpontzeko aurrera pausoak ematen diren bitartean, bide hori oztopatzeko beste ahalegin bat dugu euroaginduaren onarpenarekin hasi eta espetxeratzearekin jauzi bat eman zuen honakoa». 

«Estatuak edozer egiteko prest dago. Eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatikoa edozer egiteko prest dago gatazkaren ondorioen nahiz zergatien alorrean aurrera pausorik eman ez dadin. Are gehiago, gerran daude gatazka konpontzeko edozein soluzio-hipotesiren aurka», esan dute eta gogoratu dute astelehenean euskal herritar deituta daudela Auzitegi Nazionalean deklaratzeko. «Beraien artean, Barañaindar bat. Presoen aldeko askatasuna aldarrikatzea ez da delitua eta bide beretik jarraituko dugu».