naiz

Erraustegien inguruko azterlanek herritarren osasunerako arriskuak baieztatu dituzte

Osasuna eta errausketa ikerketa taldeko medikuek erraustegiak «osasun arrisku bat direla» berretsi dute eta bi azterlan jarri dituzte mahai gainean hau argudiatzeko. Zentzu horretan, Gipuzkoako Diputazioari «errausketa eta ondoren sortutako zepen eta errautsen zabortegietan metaketa bertan behera uztea» eskatu diete.

Osasuna eta errausketa ikerketa taldeko mediku kideek adierazi dutenez, «erraustegien inguruan argitaratutako azken azterlanek herritarren osasunerako arrisku bat direla» adierazten dutela jakinarazi dute. Baieztapen hau egiteko iaz argitaratutako bi azterlan jarri dituzte adibide gisa.

Lehenengoan, Britainia Handian egindakoa, «jaiotzetiko malformazioak jasateko arriskua areagotu egin da ikertutako erraustegien inguruan bizi diren biztanleen artean». Ikerketak azpimarratzen duenez, zehazki, bihotzeko eta gernu-aparatuko malformazioak. Bigarrena berriz Italian egina dago. «Hilkortasun totalaren gorakada nabari da, minbizi linfatikoagatik, arnas gaixotasunengatik eta gaixotasun kardiobaskularrengatik, aztertutako erraustegiaren inguruetan bizi den biztanlerian», nabarmendu dute. Ikerlan honek erraustegi baten itxiera ekarri zuen.

Ikerlanak aztertzean, ez dituzte kontuan hartu erraustegien jabe diren enpresek finantzatutako ikerlanak, baina salbuespen bat egin dute Zabalgarbiko erraustegiaren inguruan egindako ikerlanekin, haren gertutasun geografikoa dela-eta. «Ikerlan hauetan ere akatsak antzeman ditugu diseinuan, eta dagoneko egileei jakinarazi dizkiegu. Akats horiek zalantzan jartzen dituzte ikerlanen ondorioak. Aipatutako ikerlan hauetan gehienbat dietaren bidezko esposizioa duten kutsatzaileak monitorizatezen dira», jakinarazi dute.

Era berean, erraustegiaren eraginpean dagoen tokiko produktu «gutxi edo batere ez» kontsumitzeak parte-hartzaileen laginetan aztertutako kutsatzaileak igo ez izana azal dezakeela ere gehitu dute. «Medikuak garen aldetik, Gipuzkoako herritarrak garen aldetik, esan dezakegu hondakinak erraustuz eta ondoren sortutako zepak eta errautsak zabortegian metatzeak are gehiago kaskartuko duela arnasten dugun airearen eta gure elikagaiak landatzen ditugun lurzoruen kalitatea, eta horrek guztiak herritarron gaixotzeko arriskua areagotuko du, aipatutako ikerlanek eta zorroztasun zientifikoz aztertutako gehienek agerian uzten duten bezala».

Zentzu horretan, Gipuzkoako Diputazioari «errausketa eta ondoren sortutako zepen eta errautsen zabortegietan metaketa bertan behera uztea» eskatu diete.