NAIZ
GASTEIZ

Artium museoak hitzarmenak sinatu ditu beste euskal museoekin

Gasteizeko Arte Garaikidearen zentroak lankidetza hitzarmenak sinatu ditu, besteak beste, Chillida Leku, Jorge Oteiza fundazioa eta ItsasMuseum-arekin. Akordio hauei esker, Artiumeko Lagunak direnak erdi prezioan sartu ahal izango dira beste kultur guneetara.

Artium museoak bi erakusketa inauguratu berri ditu. (Juanan RUIZ I FOKU)
Artium museoak bi erakusketa inauguratu berri ditu. (Juanan RUIZ I FOKU)

Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak lankidetza-hitzarmenak izenpetu ditu zenbait euskal museorekin «parte-hartzaileei beren fidelizazio-zerbitzuetan prezio bereziekin sartzea errazteko». Chillida Leku, San Telmo Museoa, Jorge Oteiza Museoa eta ItsasMuseum dira, hain zuzen ere, Bilboko Arte Ederren Museoarekin duten akordioari gehitzen zaizkionak. Gainera, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta ARCOmadrid-ekin ere antzeko lankidetza-hitzarmenak ditu museo gasteiztarrak.

Artium Museoak inguruko beste museo eta kultura-erakunde batzuekiko lankidetza sustatzeko egiten duen apustuaren esparruan, akordio horien bidez publiko berriak erakartzea sustatu nahi da, bai eta erakundeen arteko elkar ezagutza areagotu ere, beren fidelizazio-programen erabiltzaileen artean.

Museoen kasuan, akordioen arabera, Artiumen Adiskideek %50eko beherapena izango dute Hernaniko Chillida Lekura, Donostiako San Telmo Museora, Alzuzako Jorge Oteiza Museora, eta Bilboko Itsasmuseora eta Arte Ederren Museora sartzeko. Gainera, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin sinatutako hitzarmenaren arabera, Orkestraren Gasteizeko abonu-denboraldiko kontzertuetarako tarifa berezia izango dute.

Bestalde, Artium Museoak lankidetza-hitzarmen bat du ARCOmadrid Arte Garaikidearen Nazioarteko Azokarekin, nazioarteko zirkuituko sektoreko ekitaldi nagusietako bat. Artiumen Adiskideek aldez aurretik hitzartutako bisitetan doan sartzeko aukera dute.

Chillida Leku eta San Telmok ere

Hitzarmen sorta berri hau, hain justu, astelehen honetan bertan Chillida Lekuk eta San Telmo museoak sinatu dutenaren ondotik etorri da. Bi erakundeen arteko akordioari esker, euren bazkideek beste museoaren sarreran %50eko deskontua izango dute. Gainera, biek ala biek konpromisoa hartu dute bazkideei urtean bina bisita gidatu eskaintzeko.

Horrela, San Telmo Museoko bazkideek Chillida Leku ikusteko bisita gidatuak udaberrian eta udazkenean izango dira; Chillida Lekuko bazkideentzako San Telmo Museorako bisitetan, udaberrian ‘Deabrua ote’ erakusketa ikusiko dute, eta udazkenean ‘Ikusgarritasunaren logikak’.