naiz

Pisu turistikoen ordenantza Plan Orokorrean txertatu nahi du Donostiako Udal Gobernuak

Ostegunean Donostiako udal batzarrean Hiriaren Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) barruan pisu turistikoen ordenantza berriro txertatzen saiatuko da udal Gobernua, EH Bilduk asteazkenean salatu duenez.

Carrere eta Burutaran, asteazkeneko prentsaurrekoan. (EHBILDU)
Carrere eta Burutaran, asteazkeneko prentsaurrekoan. (EHBILDU)

Biharko udal batzarrean Plan Orokorraren aldaketa eztabaidatuko da, eta aldaketetako bat da pisu turistikoen ordenantza Plan Orokorrean txertatzea. Urtarrilaren 16an, EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen ordenantza hori, Plan Orokorreko 8. artikulua, ondorioztatu ostean ordenantza kontraesankorra zela HAPOrekiko. Hala ere, EH Bilduk salatu du EAJ eta PSE «tematuta» daudela «bi egunez behin pisu turistiko bat irekitzea ahalbidetzen duen araudiarekin».

Reyes Carrere, Ricardo Burutaran eta Markel Ormazabal batzarkideek prentsaurrean gaineratu dute Eneko Goia Donostiako alkateak ez duela «autokritikarik» egin «aurreko araudiarekin legez kanpokoak izango ziren 900 etxebizitza» baino gehiago legeztatzeagatik. EH Bilduk, bere aldetik, 11 zuzenketa erregistratu ditu osteguneko osoko bilkurari begira; horien artean, Parte Zaharrean pisu turistikoak irekitzeko dagoen debekua Grosera eta Erdialdera (Easoraino) zabaltzea proposatuko du.

«EH Bilduren ustez, epaitegiek araudia bertan behera utzi ostean, aukera berri bat irekitzen zen etxebizitza turistikoen kudeaketa berriz pentsatzeko eta egindako akatsak zuzentzeko. Tamalez, Goiak aukera berri hau pasatzen utziko duela dirudi», adierazi dute.

Kritikatu dute, halaber, HAPO berriro ere aldatzen hastea «Udal Gobernuak egindako akats politiko eta juridikoen ondorioa» dela. «Izan ere, Plan Orokorraren aldaketaren hasierara itzuli izanaren arrazoi nagusia erabilera turistikoko etxebizitzen ordenantzak jaso dituen zaplasteko juridikoen ondorioa da», gaineratu dute.

Planaren aldaketak bestelako ondorioak ere izango dituela ohartarazi du EH Bilduk, bizitegi-eraikinetan hotelak irekitzea eragozten duen moratoria bukatzeko urtebete soilik geratzen baita. Hala, HAPOren aldaketak tramiteek behar duten beste denbora eskatuko du, eta koalizioak aurreikusten du ordurako moratoriaren epea bukatuko dela.