naiz
Gasteiz

Erakundeen «inplikazioa» eskatu du Martxoak 3 elkarteak sarraskiaren urteurren atarian

1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren 44. urteurrena ate joka dago eta Martxoak 3 elkarteak «benetako inplikazioa» eskatu die erakundeei. Aurtengoa testuinguru berezian iritsiko da, martxoaren 20an, Servini epaileak deituta, Madrilen Argentinako Enbaxadan Rodolfo Martin Villaren deklarazioa izango da-eta.

Martxoak 3 plataformak agerraldia egin du Gasteizen. (FOKU)
Martxoak 3 plataformak agerraldia egin du Gasteizen. (FOKU)

Espainiar Estatuan ezarritako «zigorgabetasun jasanezina» eta Rodolfo Martin Villa ministro frankistaren aurkako prozesu judiziala «eragotzi nahi duten traba berriak» salatu ditu Martxoak 3 elkarteak.

2020ko martxoaren 20an, Servini epaileak deituta, Madrilgo Enbaxadan Rodolfo Martin Villaren deklarazioa izango da, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako sarraskiagatik inputatu gisa. «Inflexio puntu bat da», adierazi dute gaur arabar hiriburuan egin duten agerraldian.

Egoera horrek erabat baldintzatuko du 44. urteurrena. «Justizia lortzeko bide luze honetan, biktimek eta haien senideek azkenean argia ikus dezakete. Hala ere, azken orduko maniobrek egoera hori desbideratu dezakete, eta egun gutxira, oraindik ere babesgabetasun eta ziurgabetasun izugarria dago», salatu dute.

Zentzu horretan, Estatuko erakundeetan, «inpunitatearekin amaitzeko borondate politikorik ez dagoela» salatu du Martxoak 3 elkarteak. «Zigorgabetasuna estatu kontua da, eta ez dakigu ez duten nahi, ezin duten edo ez diren haustera ausartzen. Beste behin gogoratu behar diegu zigorgabetasunez ez dagoela demokraziarik. Biktima guztientzako justiziarik gabe ez dago demokraziarik. Giza eskubideen urraketa berdinaren aurrean, trataera bera egon behar da».

Era berean, Zaramaga auzoko San Frantzisko elizaren proiektuan, Martxoak 3 elkarteak euskal erakundeetan «mugimendu falta kezkagarria» dagoela ikusten du. Memoriaren eta Giza Eskubideen gune bihurtzeko proiektuan aurrera egiteko eman beharreko pausoen falta salatu dute.

Guzti honen baitan iritsiko da 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren urteurrena eta mobilizatzeko deia egin dute. «Egia eta Justiziaren aldeko borrokak bere horretan jarraitzen du. aldarrikapen horien ondoan, gaur atzo bezala, oraindik ere beharrezkoa da kalera ateratzea gure eskubideen defentsan eta pertsona guztientzako askatasun guztien alde. Azken batean, hori da jada ez daudenei egin diezaiekegun omenaldirik onena, haien borrokarekin jarraitzea», adierazi dute.

Horregatik, datozen egunetan egingo diren ekimenetan parte hartzera dei egin dute. Martxoaren 2an, igandean, 17.00etatik aurrera erakusketa bat izanen da Zaramagako Gasteiz kaleko 32. zenbakian eta 20:30etan A Temporen kontzertua izanen da Montehermoson, non ‘Martxoak Hiru’ abestia estreinatuko duten.

Martxoaren 3an, berriz, EH Bilduk ekitaldia egingo du oroigarrian 12:00etan. Beste ekitaldi bat egonen da 18:30ean eta 19:00etan manifestazioa abiatuko da Andra Mari Zuriraino.