NAIZ
GASTEIZ

‘Euskara ibiltaria’ erakusketa Gasteizera ailegatu da, Oihaneder Euskararen Etxera

‘Euskara ibiltaria’ erakusketaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da eta euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea du helburu. Donostiatik Gasteizera heldu da, bertan egongo da ikusgai datorren apirilaren 26ra arte.

‘Euskara ibiltaria’ erakusketa Gasteizera ailegatu da. (OIHANEDER)
‘Euskara ibiltaria’ erakusketa Gasteizera ailegatu da. (OIHANEDER)

‘Euskara ibiltaria’ erakusketak bukatu du bere egonaldia Donostiako San Telmo museoan eta pasa dio lekukoa Gasteizi. Bildumaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da eta, argitalpenak bezala, helburua euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea da, hala nola, lexikoa, izen-morfologia, aditzmorfologia eta sintaxia. Euskaltzaindiak adierazi duenez, «gizarteari itzuli egin nahi dio atlasa egiteko euskal gizartearengandik jasotako jakituria».

Horretarako, erakusketa bost atal nagusitan dago banatua: Tokiak, Materialak, Argia eta Soinua, Natura, eta Bizitza, eta atal horietako bakoitzean atlaseko mapen hautaketa bat erakusten da, bisitariari aldaera horiek era bisualean erakutsiko dizkiona. Horrez gain, erakusketak jokoak, animazioak eta entzungaien gisako tresnak ere erabiltzen ditu herri hizkeren aberastasun hori erakusteko.

Zentzumenek ere presentzia dute erakusketa honetan: ikusmena erabili behar izateaz gainera, edukia entzun egin daiteke, ukitu, dastatu eta usaindu. Bisitariak, euskararen aberastasunaz ohartzeaz gain, hizkuntza-atlas bat zer den ikusteko aukera izango du, eta horren bidez, garai bateko (XIX. eta XX. mendeak) bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutzekoa.

Halaber, erakusketaren mamia Euskararen Herri Hizkeren Atlasa den neurrian, ‘Euskara ibiltaria’-ren helburua ere bada egitasmoaren historia gizarteratzea eta hizkuntza-atlasa lantzeko erabilitako metodologia, materialak eta bestelakoak ezagutzera ematea.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) euskararen aldakortasunaren berri ematen duen argitalpena da, Euskaltzaindiak argitaratzen duena eta dagoeneko hamar liburuki dituena. Proiektua 80ko hamarkadan abiatu zuten ikerketa baten bidez. Euskal Herriko 145 inkesta-puntu aukeratu zituzten (Araban herri bakarra, Bizkaian 36 eta Gipuzkoan ere 36, Nafarroan 27, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12), 319 berriemaile eta 2.857 galdera, 1987 eta 1992 urteen artean.

Atlasaren mamia gizarteratzeko erakusketa hau 2015ean antolatu zen lehen aldiz Beasainen, baina Portugaleten, Bilbon, Iruñean eta Baionan ere egon zen. Lau urteko ibilbidearen ondoren, 2019an, Euskaltzaindiak bere mendeurrena ospatu zuen urtean, ‘Euskara Ibiltaria’ eraberritu zuen baliabide berriak txertatuz. Aurpegi eraberritua iazko martxoa eta ekaina bitartean erakutsi zuen lehen aldiz Bilboko Euskal Museoan

Erakusketa apirilaren 26ra bitartean ikusgai egongo da, hurrengo ordutegian: asteartetik ostiralera, 17.00etatik 20.00etara, larunbatetan 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara eta igandeetan 11.00etatik 14.00etara.