Naiz

Luzia Goñi bertsolaria hil da 91 urterekin

Ehunka bertso idatzien egile izan zen, baina bere garaiko emakume gehien-gehienen antzera, ez zuen plaza publikoan jarduteko ia aukerarik izan. Nafarroako Bertsozale Elkarteak 2017an egin zion aitortza, urte hartako Txapelketan txapela jartzeko aukera emanez.

Luzia Goñik 2017ak txapela jantzi zion Julio Sotori. (BERTSOZALE ELKARTEA)
Luzia Goñik 2017ak txapela jantzi zion Julio Sotori. (BERTSOZALE ELKARTEA)

Luzia Goñi Olias (Aizarotz, 1928) bertsolaria hil da 91 urte zituela, Bertsozale elkarteak jakitera eman duenez. Etxetik jaso ez arren, gaztetatik sentitu zuen bertsolaritzarekiko grina eta afizioa. Berak kontatzen zuenez, 16 urterekin Errenteriako Retegi tabernan hasi zen lanean, eta hara maiz joaten ziren bertsolariak entzunda (batez ere, Manuel Olaizola ‘Uztapide’ eta Jose Joakin Mitxelena zituen gogoan) zaletu zen. Ogibidez sukaldari aritu zen luzaroan, eta talogile ere ibili zen, plazaz plaza.

50 urte bete aurretik alargundu zen, eta orduan hasi zen bertso idatziak sortzen, denetarikoak: gai sozialak landu zituen, protesta bertsoak, baina baita barne sentimenduei buruzkoak ere, jaioterriari eta aspaldiko garaietako oroitzapenei toki eginez. «Bihotzetik ateratzen direnak dira nire bertsoak», esana zuen.

Oparoa da bere sorkuntza, eta atzoko eta gaurko askotariko gai eta gertakarien kronika ederrak dira haren lanak. Bat-batean ez zen sekula aritu, baina uzta ederra utzi zuen bertso idatzietan.

Bere garaiko emakume gehien-gehienen antzera, ordea, aukera gutxi izan zituen plaza publikoan jarduteko. Garaiko pentsamenduari egozten zion berak hori: «Lehen, beldurragatik, gauza asko ez ziren egiten». Dena dela, tarteka, bere idatzitako bertsoak kantatzeko aukera baliatzen zuen, hainbat ekitalditan.

2017an egin zion aitortza Nafarroako Bertsozale Elkarteak, urte hartako Nafarroako Bertsolari Txapelketan irabazleari txapela jartzeko aukera emanez. Hain zuzen ere, Julio Sotori jantzi zion txapela, 2017ko apirilaren 8an, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.