Maite Ubiria

«Drive» erosketa sistemaren garapena, saltoki handietatik etxaldeetara

Koronabirusak sorturiko krisiak egun batetik bestera ohiturak eraldatu ditu, nahitaez molde berrietara egokitzeko beharra areagotuz. Hartara, «Drive» erosketa moldeak sekulako gorakada ezagutu duela aitortu dute Baiona inguruko hipermerkatuetako nagusiek. Izan ere, eskoletako jangelen itxierak, alde batetik, eta azokak egiteko debekuak, bestetik, eragindako kalteari buelta eman nahian «drive ibiltaria» asmatu du Izpurako Biozkaria elkarteak. lldo beretik ELB, BLE eta APFPB elkarteen bultzadapean eta Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sostenguz Lekukoa drive martxan jarriko da heldu den astean.

Bezero batek aldez aurretik enkargaturiko erosketa autoan sartzen du, Baionan. (Bob EDME)
Bezero batek aldez aurretik enkargaturiko erosketa autoan sartzen du, Baionan. (Bob EDME)

BAB (Biarritz-Angelu-Baiona) inguruko saltegi handietako kudeatzaileek aitortu dutenez, «Drive» sistemaren bitartez eginiko erosketa kopuruak emendatze azkarra izan du Covid-19 birusaren zabalpena mugatzeko konfinamendu agindua indarrean sartu zenetik.

Horren ondorioz, bistan da, saltoki horietan jarduten duten langileek eskaera kopuru handiari erantzuteko gero eta lan zama handiagoa pairatzen dute.

Internet bidezko komertzioak gero eta garapen handiago izan du azkeneko urtetan. Izan ere, erosketa arruntak urrundik egiteko ohitura ez da hainbeste garatu.

Osasun larrialdiak erosteko era horren bultzada ekarri du. Etorkizunean joera hori baieztatuko den ala ez jakiterik ez badago ere, saltegi handien aparkalekuak begiratzea besterik ez da behar lozorroan zegoen erosketa eskaintzak oso garapen azkarra ezagutu duela jabetzeko.

Izan ere, saltzaile handiak soilik ez, osasun krisiak eragindako erronkari aurre egiteko laborariak ere «Drive» eredua beraien mozkinen salmenta bermatzeko baliatzeko prest dira.

WhatsApp bidezko eskaintzak

Azken egunotan WhatsApp bidez eskaintza ugari jaso dituzte herritarrek. Azoken itxierak oso egoera larria eragin du barazain eta laborari askorengan. Hori dela eta debekuen gainetik salmenta zuzenari ezarritako hesiak altxatzeko premia –baita irudimena ere– agerikoa da.

Herritarrek beraien mugimenduak mugatuta dituzten heinean, ohiko harreman komertziala zaildu da. Haragi edo barazkien saskien banaketatik hasita, aldaketa nabarmenak dira. Etxaldeetara hurbiltzeko ohitura dutenek, ohiko kalaken ordez, distantzia soziala errespetatzeko arauak atzemanen dituzte. Beste hainbeste gertatzen da kontsumitzaileen kooperatibetan.

Alta, Euskal Herria eta Biarnoko bederatzi etxaldetako ekoizle biltzen dituen Biozkaria elkarteak urrats bat gehiago eman du. Kantinen itxierak lehenik eta merkatuen debekuak ondoren kinka larrian utzi dute elkartea, «salmenten %80» galtzeraino.

Horren aurretik «Drive ibiltari» izeneko egitasmoa garatu du salmenta zuzena lehenetsiz ekoizpen biologikoa bultzatzen duen elkarteak.

Prebentzio arauak bermatzen dituen sistema

Hartara, bost kiloko paketeko tokiko haragia saltzeko eredu berria eman du plantan.

Eñaut Harispuru bunuztarrak, Iholdi-Eztibarreko eskualdean kokatzen den Zainegi etxaldeko nagusiak, sistema azaldu du: haragia erosi nahi duen bezeroak eskaera bideratu behar dio elkarteari email bat igorrita. Horren ondotik ordainketa burutu behar du banku biramenduaren bidez.

Handik aurrera, elkarteak bere gain hartzen du erosleari banaketaren eguna eta ordua finkatzea, aldez aurretik antolaturiko zirkuitu baten bidez.

Bost ibilbide zehaztu dituzte, bi Biarnoko bezeroak hornitzeko eta beste hiru Euskal Herriko erosleen beharrei erantzuteko. Lapurdiren kasuan Baiona, Biarritz, Donibane Lohizune eta Kanbora hurbilduko dira. Horretaz gain Donapaleu, Hazparne, Donibane Garazi, Bidaxune eta Maule ere sartuko dituzte beraien banaketa itzulian.

Herri guztietan hitzordua toki berean ezarriko dute: herriko errugbi zelai nagusian.

Bezeroa bertara joan eta kotxetik atera gabe, bere izena agertzen den eskaera papera erakutsi eta Biozkaria elkarteko ekoizle batek «berezoak eskatu duen paketea autoaren zamatokian sartuko du, banaketaren karietara jende arteko kontakturik ez dadin izan».

Horra hor, osasun krisi garaian hirietako saltoki handietan suspertu den «Drive» erosketa ereduari Izpuran (Nafarroa Beherea) bere egoitza duen laborarien elkarte txikiak atzeman dion garapen berria.

Ez da bakarra izanen, ordea, ELB sindikatua, BLE eta APFPB elkarteen bultzadapean eta Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sostenguz Lekukoa drive martxan jarriko baita heldu den astean Iparraldeko laborarien mozkineei bide berria atzemateko xedez.

( Biozkaria. web orrialdea: biozkaria.com ) ( Lekukoa drive : https://www.lekukoa.com)