NAIZ

#NikEtxeanEsperimentuak, zientzia ikasiz dibertitzeko Elhuyarren proposamena

Elhuyarrek #NikEtxeanEsperimentuak egutegia sortu du Covid-19aren birusaren hedapenaren eraginez etxean isolamenduan egoteko egun hauek arintzeko, eta, bide batez, zientziaren inguruko hainbat kontzeptu modu dibertigarrian familiartean ikasteko. Albisteari atxikirik duzue egutegia. Bertan, nahi den esperimentuan klikatu eta dokumentu bat irekitzen da, argibide guztiekin.

Elhuyarrek konfinamendu egunetarako proposatutako egutegi dinamikoa.
Elhuyarrek konfinamendu egunetarako proposatutako egutegi dinamikoa.

#NikEtxeanEsperimentuak egutegia Elhuyarren proposamen bat da, koronabirusaren hedapenaren ondorioz konfinamenduan eman behar ditugun egun hauek arintzeko pentsatua. Familiarekin batera zientziaren inguruko makina bat kontzeptu modu dibertigarrian ikasteko aproposa da.

Planteatzen diren esperimentuak etxean izan ditzakegun material eta tresnekin egiteko modukoak dira. Zehazki, apirileko egun bakoitzerako bi esperimentu proposatzen dira: bata (H letrarekin markatua ageri dena) haurrei zuzenduta dago, eta bigarrenak, berriz, gazteei (G letrarekin seinalatua) egiten die proposamena.

Albisteari atxikitako dokumentuan duzue egutegia, pdf formatuan. Esperimentu bakoitzari dagokion estekan sakatzen badugu, esperimentua egiteko argibide guztiak biltzen dituen dokumentua zabalduko zaigu.

Sare sozialetan zabaltzeko gonbidapena

Familiarekin egutegi honekin jostatzeaz gain, lortutako emaitzak #NikEtxeanEsperimentuak traola baliatuta sare sozialetan zabaltzeko, bideoak igotzeko eta iradokizunak egiteko gonbita luzatu du Elhuyarrek.

Animatu, esperimentatu eta partekatu!