Jon Ormazabal

Sarea besarkada eta elkartasun mezu eta aldarrien topagune bilakatu da presoentzat

Koronabirusak eraginda da bizi dugun egoera berezia dela eta bisitarik, bisean bisekorik eta kontzentraziorik gabeko martxoko azken ostiral bereziak pantailaren aurrean bildu ditu presoen senide eta lagunak, Sare eta Etxeraten ekimenez.

Jagoba Codoren senide batek preso gaixoen egoera salatu du.
Jagoba Codoren senide batek preso gaixoen egoera salatu du.

Bizi ditugun ezohiko egunen artean, ezohikoagoa izan da martxoko azken ostirala. Kartzelak beharrean, plazak eta kaleak dira hustu direnak eta ez euskal preso politikoak etxera ekarri ditugulako; gizarte osoa bezala, haien senide, lagun eta hurbilekoak dira etxean geratu behar izan dutenak, «petatea» prestatu gabe, autobusa hartu gabe, aurrez aurreko bisitarik gabe eta giltzapetuak askatzeko pankartaren bueltan bildu gabe.

Sarek eta Etxeratek antolatuta, amaraun digitala besarkada eta elkartasun mezu eta aldarrien topagune bilakatu da, sare sozialak zapaldu ezin ditugun plaza bilakaturik. Lau hamarkadatan etengabe egin behar izan duten bezala, egoerara, baita krudelenera, egokitu behar izan dute senide eta lagunek koronabirusak ezarritako larrialdi egoera berezi honek samurtasunari leku utz diezaion. 

Preso sentitu gara asko azken egun hauetan, baina gatibutza are itogarriagoa da kartzeletako lau pareten artean. Eta oinarrizko prebentzio eta higiene neurriak hartzea ia ezinezko, nahiz eta eskubidea izan. Etxerateko Patricia Velezek azaldu duenez, «oso zaila da espetxeetako mapa orokor bat egitea baina badakigu zenbait espetxetan moduluak hustu direla medikuak agindutako isolamendu eta berrogeialdia igaro ahal izateko». Normalean mediku asistentzia murritza izanda, muturreko egoera honek kezkaz betetzen dituela gaineratu du, beharrezko arreta bermatuta ez dagoen beldur.

Horrek guztiak are beharrezkoagoa egiten du, Velezen ustez, larriki gaixorik dauden, 70 urtetik gora dituzten eta baldintzapeko askatasuna lortzeko aukera duten presoen berehalako askatasuna.

Besarkada birtualak

Aldarrikapenen ostean besarkada birtualen txanda heldu da, Ane Labaka bertsolariak gidatuta hor agertu dira Igor Martinezen 11 eta 5 urteko motxiladun umeak, aitari telefonoz emateko denborarik izan ez dituzten muxuak bidaltzeko. Edo A Laman bakartuta dagoen Lierni Armendarizen bikotekide Esti, bere kidearekin hitz egiteko preso sozialek baino lau aukera gutxiago dituena.

Komunikazio eten honek ezer onik badu, hori larriki gaixo dagoen Jagoba Codok ezin izango duela izeba Gentzaneren larritasun eta kezka sentitu izango da. Kepa Mujika, Pako Mujikaren anaiari ere geratu zaio bisitarik gabe gelditu izanaren tristura arintzeko poz txiki bat: gaixotasuna barrura ez eramatearen kontsolamendua.

Eñaut Elorrietak kantatutako ‘Malen’ abestia, Sareko Joseba Azkarragaren elkartasun hitzak, Eider Rodriguez idazlearen ele goxoak, Julio Sotoren bertsoak, Porrotxen marrubizko muxu eta marrazkiak… denak inoiz baino sarriago elikatu behar ditugun itxaropen depositoak betetzeko erregai bihurtu dira. Baita sareak hartu dituzten norbanakoen argazki eta mezuak ere. Etxetik etxera.