NAIZ

Aernnovako zuzendaritzak onartu du ezin daitekeela lanean segitu deus gertatuko ez balitz bezala

Aernnovako enpresa-batzordeak, momentuz, bertan behera utzi du astearterako aurreikusita zegoen greba mugagabea, langileen bi hirurenak lanera joan behar ez izatea posible egiten duen akordio bati esker. Zuzendaritzak jarrera aldatu du eta onartu du ezin daitekeela ezer gertatuko ez balitz bezala lanean jarraitu.

Aernnovako zuzendaritzak onartu du ezin dela lanean jarraitu ezer gertatuko ez balitz bezala. Irudia artxibokoa da, Berantevillako lantegikoa. (Juanan RUIZ/FOKU)
Aernnovako zuzendaritzak onartu du ezin dela lanean jarraitu ezer gertatuko ez balitz bezala. Irudia artxibokoa da, Berantevillako lantegikoa. (Juanan RUIZ/FOKU)

LAB Aernnovako zuzendaritzak jarreraz aldatu du eta onartu du ezin daitekeela lanean jarraitu ezer gertatuko ez balitz bezala. Hala jakinarazi du LABek ohar batean.

Hortaz, enpresa-batzordeak, momentuz, bertan behera utzi du astearterako aurreikusita zegoen greba mugagabea, langileen bi hirurenak lanera joan behar ez izatea ahalbidetzen duen akordio bati esker. Batzordea adi egongo da lantegira joango direnen osasuna bermatzeko neurriak zorrotz bete daitezen; horrela ez bada greba berraktibatuko du.

«Aernnovak behin eta berriro esan dio ezetz errealitateari eta bizi dugun egoerari egokituko zitzaion egoera ezberdina baloratzeko proposamenari. Honen aurrean, enpresa-batzordeak greba mugagaberako aurreabisua aurkeztu zuen. Hala ere, atzora arte, zuzendaritzak ez zuen bere jarrera zuzendu eta gatazka izango ez zen irteera bat bilatzeko borondaterik erakutsi», agertu du LABek.

«Arriskua nabarmen gutxitu da»

Baina atzo, ostirala, bere jarrera aldatu zuen eta planteatu zuen, datorren astean zehar, langileen herenak soilik egingo duela lan produktu batzuei lehentasuna emateko. «Langileen kopurua eta egin beharreko lana kontuan izanda, modu nabarmenean murrizten da kutsatze arriskua», esan du sindikatuak.

«Poztu egiten gaitu enpresa-batzordearen eta langileen tinkotasun eta presioari esker enpresak atzerapauso bat ematea erabaki izanak. Ez da nahikoa, eta hortaz, adi egongo gara lan egin behar duten langileen osasuna berma dadin. Kutsatze gehiago egon ez daitezen eta Aernnova Covid-19a hedatzeko foku bilakatu ez dadin. Horrela ez bada, beharrezko borroka dinamikak berraktibatuko ditugu, greba barne», ohartarazi du.

LABi iruditzen zaio lanpostuak arrisku-foku ez izatea bermatzen duen modu bakarra ixtea dela eta horregatik, ildo horri eutsiko dio. «Erabateko konfinamendua ezartzeko beharra berresten dugu, beharrezkoak izango diren oinarrizko baliabideen jarduera soilik baimenduko duena. Era berean, administrazioak herri honetako enpresa handiekin guztiz barkabera den subjektu pasiboa baino zerbait gehiago izan behar du», aldarrikatu du.