NAIZ

Zegama-Aizkorriko 2020. edizioa bertan behera geratu da

XIX. edizioa, maiatzaren 24ko asteburuan ospatzekoa zena, bertan behera geratzen da Covid-19 koronabirusaren pandemiak sorrarazi duen egungo egoera aztertu ondoren eta ikusirik hurrengo hilabeteetan mundu mailan aurreikusten den salbuespenezko egoera. Zegama, Zegama da, eta 2021ean itzuliko da.

Zegama-Aizkorriko iazko edizioko irudi bat. (Gorka RUBIO/FOKU)
Zegama-Aizkorriko iazko edizioko irudi bat. (Gorka RUBIO/FOKU)

Mendiko lasterketarik garrantzitsuenetarikoa den Zegama-Aizkorri bertan behera geratu da koronabirusaren pandemiagatik, eta horrekin batera IX.en Zegama-Aizkorri Junior Trail eta VI.en Zegama-Aizkorri Kilometro Bertikala. «Ez dugu atzeratzen beste data batera, Zegamaren magia ez litzakela posible uste dugulako», adierazi dute antolatzaileek.

«Ezin dugu korrikalari, boluntario eta urtez urte mundu guztian zehar euskal zalegoaren nortasuna erakusten duen zalegoaren segurtasuna bermatu. Segurtasuna gure zutabe eztabaidaezina izan da 2002. urtean lehen edizioa antolatu genuenetik», azpimarratu dute antolatzaileek.

Bestalde, «ezin dugu ziurtatu dortsala duten guztiak hemendik bi hilabetera gure herrian egongo direla beraien sasoi betean», gaineratu dute. "Osasun alarma egoera" dela eta, «badakigu zer suposatzen duen guzti honek gure partehartzaileentzat, etxean sartuta irten ezinik aurkitzea eta egoki entrenatu ezinik. Nahiz eta esan beharrean gauden zuen irudimen eta entrenatzeko gogoak irabazi eta txunditu gaituela!», adierazi dute.

Gainera, pandemia hau globala izanda, «ezin dugu bermatu nazioarteko korrikalariak beraien herrialdeetatik irtetzerik izango duten edota gurean sartzerik».

Araudia jarraituz, izen ematea gauzatu dunetei «osorik itzuliko zaizue ordaindutakoa», azpimarratu dute, eta, horrekin batera, 2021ean ez dela aurre izen ematerik egongo eta ezta dortsalen zozketarik ere aurreratu dute.