Haritz Larrañaga

Bertako mozkinak eskuragarri Ipar Euskal Herrian, ‘Lekukoa’ sistemari esker

«Tokian tokiko janaria eskuratzeko» banaketa martxan da Ipar Euskal Herrian. Epe laburrean gal daitezkeen mozkinei irtenbide bat eman eta, aldi berean, bertako produktuak erosi nahi dituzten bezeroek modu seguruan erosketak egin ahal izateko, eskari bidezko ‘Lekuko Drive’ sistema arrakastaz gauzatzen ari da.

Aldez aurretik enkargaturiko erosketa bezeroaren autoan sartzen, gaur Miarritzen. (Guillaume FAUVEAU)
Aldez aurretik enkargaturiko erosketa bezeroaren autoan sartzen, gaur Miarritzen. (Guillaume FAUVEAU)

«Herritar eta laborarien artean lotura egiten duen tresna» astelehenean jarri zuten plantan lehen aldiz Donibane Garazin, eta ordutik herriz-herri aparkalekuetan eta plazetan ezarri zituzten hitzorduak martxa onean doaz, «nahiz eta oraindik hastapenetan garenez, hobetu behar ditugun gauza batzuk badiren», aitortu du Panpi Sainte-Marie, ELB sindikatuko ordezkariak.

Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartea, Biharko Lurraren Elkarteak, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak eta ELB sindikatuak bat egin dute «laborariek berek sortu eta kudeatzen duten tresna berria» sustatzeko. Asteroko banaketa sisteman 100 etxaldek parte hartu dute haien mozkinak eskaintzen eta, oraingoz, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 17 herritan ezarri dituzte salmenta puntuak, baina datozen egunetan herri gehiagotara iristeko lanean ari dira.

Helburua, koronabirusak sortutako krisiari aurre egitea da, horregatik oraindik ez dute erabaki epe luzerako tresna izango den. «Oraingoz egun batetik bestera gal daitezkeen produktuei irtenbidea ematea da helburua, egoera honi guztiok elkarrekin erantzun behar diogu eta horretarako batu gara, hori da lehentasuna, gero gerokoak», azaldu du Patrick Sallaberryk, Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkarteko lehendakariak.

Epe luzera begira, erosleek haien ohiturak aldatuko dutenaren itxaropena dute, ordea, proiektuaren sustatzaileek. Panpi Sainte-Marie sindikalistaren iritziz, baikor izateko arrazoiak badaude, zeren «jendea konturatu da urrunegi joan garela egungo sistema honekin, ez du bururik hemen ditugun produktuak munduaren beste puntatik ekartzeak, eta berlokalizazioaren beharra gero eta agerikoagoa da».

Plantan jarri duten banaketa sistemarekin bezero berriak ere erakarri dituztela diote bai Sainte-Marik zein Sallaberryk. «Bezero berriak gerturatzea kontzientzia berri baten seinale da», bi laborarien ustez.

Lehen astea

Donibane Garazin hasi zuten «tourra» 30 eskarirekin, eta bezeroek banaketa sistemaren berri izan ahala mezu andana jasotzen ari dira. Sallaberryk nabarmendu duenez, «bost langile gau eta egun lanean ari dira webgunea sortu, eskariak kudeatu eta jendearen galderei erantzuten». Izan ere, azken egunetan 300 email inguru jaso dituzte informazioa eskatzeko zein eskariak egiteko.

Osasun krisiaren ondorioz enpresetan, eskoletan eta merkatuetan saltzeko prest zituzten mozkin asko gorde behar izan zituzten despentsan laborariek zein ganaduzaleek. Merkatuen itxiera etorri zen gero. Ondorioz, galerak handiak izan dira lehen sektorean, baina «alternatiba bat bilatzeko» elkartu zirela azaldu dute laborariek, eta Sallaberryren aburuz, «bezeroek ontsa ulertu dute osasuna babestu eta kalitatezko produktuak eskuratzeko bitarteko egokia dela».

Herriko etxeek orokorrean jarrera ona erakutsi dute egitasmoarekin, izan ere, sistema honi esker, ez da kontakturik bezero eta saltzaileen artean. Astean zehar, hitzorduak finkatuak dira www.lekukoa.com webgunean, eta bertan azaltzen da saltzailearekin nola kontaktatu eta ordainketa nola egin. Gero, hitzordura autoan joan, eskaeraren ziurtagiria erakutsi eta eta ibilgailutik jaitsi gabe saltzaileek beraiek uzten dituzte poltsak autoaren maletategian. Beraz, kutsadura arrikusirk ez da.

Herriko Etxe batzuk oraindik mesfidati direla onartu du ELBko bozeramaileak, baina bere irudiz «lehen astea da, beste herrietan ontsa funtzionatzen duela ikusten dutenean haiek ere atxikiko dira, guztiontzat onuragarria baita».