Naiz

‘Batera’ kultur proiektuen deialdiak abiarazitako kanpainak bere helburua lortu du

Itziar Uriarte, Irune Zabaleta, Sergio Azkarate, Irati Lekue, Itziar Hormilla, Nefer Olaizola eta Erlantz Mata gazteek euren proiektuak garatu ahalko dituzte crowdfunging kanpainan lortutako 3.500 euroei esker. Guztiak ekainaren 23an aurkeztuko dituzte.

Proiektuan parte hartuko zuten sortzaileak zeintzuk ziren iragarri zuten egunean. (NAIZ)
Proiektuan parte hartuko zuten sortzaileak zeintzuk ziren iragarri zuten egunean. (NAIZ)

‘Batera: kultur proiektuak elkarrekin’ deialdiko hiru egitasmo gauzatzeko otsailaren 20an itsulapikoa.eus plataforman martxan jarri ziren diru bilketa kolektiboko kanpainak amaitu dira, eta 40 egunen buruan, hirurek lortu dituzte beren gutxieneko helburuak.

Crowdfunding kanpaina bati esker 3.500 eurotik gora lortu dituzte eta horiek erabili ahal izango dituzte proiektuak garatzeko. Egungo ezohiko egoerak uzten badu, ekainaren 23an aurkeztuko dituzte guztiak, Oihaneder Euskararen Etxean, Gasteizen.

Oihanederretik jakinarazi dutenez, Covid-19an eragindako alarma egoerak diru bilketa kanpainak bete-betean harrapatu dituen arren, Itziar Uriarte eta Irune Zabaleta (banaka) eta Sergio Azkarate, Irati Lekue, Itziar Hormilla, Nefer Olaizola eta Erlantz Mata (taldeka) sortzaileek ateratako diruarekin olerki liburu ilustratu bat, ipuin liburu multimedia bat eta dokumental bat garatuko dituzte, ‘Bizimundua’, ‘Tinta, grafito artean: musak’ eta ‘Erroak’, hurrenez hurren.

Baliabide ekonomikoak lortuta, orain sormen lanaren txanda izango da, eta ia hiru hilabete izango dituzte euren lanak gauzatzeko. Bakoitzak bere lan katea osatu beharko du, eta ilustratzaile, aktore, zeinu hizkuntza interprete, bideo sortzaile eta abarrekin bat egin beharko dute elkarlanean beren proiektuak gauzatzeko.