Arnaitz Gorriti

Traineruen Kluben Elkarteak 19 estropadako «egutegi malgu» bat adostu du

Ekainaren azken asteburuan hastea nahi badu ere, «osasun egoera normaltzean» eta 15 eguneko gutxieneko prestaketa denboraren ondoren hasiko litzateke. Denboraldia zilegizkotzat jotzeko, gutxienez 12 estropada gehi playoffak jokatu beharko dira Eusko Label Ligan eta zortzi gehi kanporaketak Euskotren Ligan. Beranduenez, denboraldia iraileko azkeneko asteburura arte atzeratuko da.

Eusko Label eta Euskotren Ligak adostu dituzte TKEko kideek, osasun egoerak baldintzaturik beti ere. (TKE)
Eusko Label eta Euskotren Ligak adostu dituzte TKEko kideek, osasun egoerak baldintzaturik beti ere. (TKE)

Traineruen Kluben Elkarteak 2020. urte hontarako egutegia adostu du, larunbat goizean elkarteko bazkideen artean egindako bilera telematikoaren ostean. Aho batez onartu ondoren, 19 estropada izango dituen «egutegi malgu» bat egin du publiko TKEk Eusko Label Ligari begira. Emakumeen Euskotren Liga ere adostea erdietsi dute bilera honetan.

Osasun larrialdiak eraginda, «malgutasuna» izango da aurtengo traineru denboraldiaren ezaugarri bereziena. Dena dela, ekainaren 28an hastekoa da printzipioz, VIII CaixaBank Bandera izanik jokoan jarriko den aurreneko proba, oraindik lekurik aipatu ez bada ere.

Hala ere, TKEko lehendakari Borja Rodrigok esandakoari jarraituz, «osasun egoerak hala uzten duen mementutik aurrera, taldeek gutxienez 15 egun izan beharko dituzte prestatze lanak burutzeko». Ondorioz, egutegia ezarrita geratu bada ere, aipatu malgutasunak egutegia uneoro «berrikusteko» aukera emango dio Ligari.

Hala, ekainaren 28ko estropada aipatu egunean ezingo balitz burutu, hurrengo asteburura atzeratzetik legoke, baita handik aurrerako estropadak ere.

Horrez gain, aurtengo Liga baleko izango bada, «gutxienez 12 estropada erregularrak gehi playoffak jokatu beharko» direla adierazi du Borja Rodrigok.

Hau da, CaixaBank Banderatik hasi eta Zarauzko Ikurrinara artekoak –biak barne, eta kontuan izanda Zarauzko Ikurrina bi jardunalditan jokatzen dela–.

Euskotren Liga balioztatzeko, berriz, «gutxienez zortzi estropada gehi playoffak» jokatu beharko direla argitu du TKEko lehendakariak.

Azkenik, egutegian izan daitezkeen balizko atzerapenak aintzat hartuz, iraileko azkeneko asteburura luzatzeko aukera onartu du TKEk, irailaren 26 eta 27a, hain zuzen, «denboraldia baleko egiteko gutxienez osatu beharreko estropada kopurua osatze aldera», gogoratu du Rodrigok.

Horrez gain, osasun egoerari jarraipena eman eta horren arabera jokatzen jarraitzeko, hamabost egunean behin biltzen jarraitzeko konpromezua adostu dute Traineru Kluben Elkarteko kideek.