NAIZ

Bi gizon atxilotu dituzte Santurtzin eta Gasteizen, indarkeria matxista leporatuta

Ertzaintzak Santurtziko 37 urteko gizon bat atxilotu du bikotekide ohiari eraso egiteagatik, biktimaren alabaren deiari esker. Gasteizen, Udaltzaingoak 29 urteko gizon bat atxilotu du bere bikotekidea jotzeagatik Zaramaga auzoan.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko eguneko manifestazioa Gasteizen. (Juanan RUIZ/FOKU)
Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko eguneko manifestazioa Gasteizen. (Juanan RUIZ/FOKU)

Ertzaintzako agenteek 37 urteko gizonezko bat atxilotu dute astelehen honetan, genero indarkeria delitu bat egotzita, Santurtziko etxebizitza batean bikotekide ohiari eraso egiteagatik. Biktimaren arabera, konfinamendu egunetan elkarrekin bizi dira, seme-alaben zaintza partekatzeko, eta eztabaida izan ondoren gertatu da erasoa.

Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertaera goizaldeko 03.00etan izan da, Santurtziko Mamariga auzoko etxebizitza batean. Adingabe batek Ertzaintzari deitu dio, aitaordeak ama jo duela jakinaraziz.

Hainbat polizia bertaratu eta biktimarekin harremanetan jarri dira. Emakumea oso urduri zegoen, eta ertzainei salatu die bikotekide ohiak iletik tira eta lepotik heldu diola.

Ertzainek 37 urteko gizona identifikatu eta atxilotu dute, genero indarkeria delitu bat egotzita. Ertzain-etxera eraman ondoren, aske geratu da, eta epailearen aurrean agertu beharko du datozen orduetan.

Gasteizko erasoa

Gasteizko Udaltzaingoak 29 urteko gizon bat atxilotu du bere bikotekideari eraso egiteagatik Zaramaga auzoko etxebizitza batean, genero indarkeriaren delitua leporatuta.

Gertaerak igande honetako 13.00ean izan ziren. Ordu horretan, erasoa ikusi zuen bikotekidearen pisukide batek Udaltzaingoari deitu zion erasoaren berri emateko.

Bere adierazpenak entzun eta emakumeak hainbat lesio-marka zituela egiaztatu ondoren, agenteek gizona atxilotu zuten, Udaltzaingoak esan duenez.