NAIZ

Melillako harresia gainditzea lortu du etorkin talde batek

Koronabirusari beldurrak ez ditu etorkinen saiakerak eragozten, itsasotik nahiz lurretik. Oraingoan Melillako harresia gainditzen saiatu dira Sahara azpiko ehunka etorkin. Batzuek lortu dute eta jendez lepo dagoen egonaldi zentrora (CETI) ate joka iritsi dira.

Melillako harresian izandako aurreko saiakera baten irudia. (AFP)
Melillako harresian izandako aurreko saiakera baten irudia. (AFP)

Melillako harresia gainditzen saiatu dira goizaldean Sahara azpiko ehunka etorkin eta berrogeita hamarren batek lortu dute. Hauetariko bi atxilotu dituzte.

Gobernu espainolak Zeuta eta Melilla Afrikako plazetan duen ordezkaritzak jakitera eman duenez, saiakera, azken hilabeteetan jendetsuenetarikoa, goizaldeko 5.00etan izan da Villa Pilar izeneko zonaldean, Purisima izeneko adin gutxikoen zentrotik gertu.

Koronabirusaren ondorioz ezarri den alarma egoera dela eta, militarrak zonalde horretan daude joan den astetik behaketa lanetan Goardia Zibilari laguntzeko.

Ordezkaritza espainolaren hitzetan «sarrera jendetsua eta bortitza izan da» eta etorkinek Marokoko Polizia gainditu eta harresira salto egin dute

Hauetatik 50 inguruk beste aldera iristea lortu dute, aurrez goardia zibilak, polizia espainolak eta soldaduak bazituzten ere.
Betiere Madrilen esanetan, guardia zibil bat zauritu da. Ondorioz, harresia gainditzea lortu duten bi etorkin atxilotu egin dituzte polizia indarrek.

Etorkin asko harresiaren gainean gelditu dira eta ez zuten nahi Maroko aldera berriz jeistea baina eguerdi aldera egoera «normaldutzat» jo du ordezkaritzak. Horrelako egoera normala balitz moduan.

Zentrora lasterka

Melillara iristea lortu duten pertsonak lasterka abiatu dira Etorkinen Egonaldi Baterako Zentrora (CETI espainolez), baina bertan sartzea debekatu egin diete lehen momentuan.

Han jarraitzen zuten, eguna argitu eta gero, CETIren ataurrean eserita, goardia zibilez eta polizia espainolez inguratuta.
Bertara abiatu dira Gurutze Gorriko bolondresak.

Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GKE) salatu dutenez, jendez gainezka dago zentroa. 1.700 pertsona hartzen ditu, jasotzeko prestatuta dagoen kopuru bikoitza baino gehiago. Urteetan ez da egon hainbeste jende bertan.

Ordezkaritza espainolak aurreko astean onartu egin zuen CETIa jendez lepo dagoela. Hala ere, koronabirusaren pandemia dela eta protokoloak eta bertakoen osasun egoeraren jarraipen «zehatza» egiten ari dela ziurtatu zuen.

Ez diote gauza bera bertan daudenek. Kutsatuko ote diren beldur dira eta, agintzen diren distantziak ezin dituztela bete gogoratzeaz gain, osasun material falta salatu dute.

Ez dira bakarrak. Antzerako zentro batean matxinatu egin ziren aurreko astean Madrilen, Aluche auzoan hain zuzen ere.
Hainbat GKEk etorkinak zentro hauetatik atera eta libre uzteko eskatu dute, barruan beren osasuna bermatzerik ez dagoela argudiatuta.

Melillarako sarrerak ia guztiz itxita dauden honetan eman da migratzaileen azken saiakera hau. Martxoaren 13an Marokora muga guztiak itxi zituzten. Portua eta aireportua itxita daude martxoaren 17tik.