naiz

Hego Euskal Herriko erresidentzietan 213 pertsona hil dira jada, koronabirusak jota

Asteazken honetako datuen arabera, Hego Euskal Herriko erresidentzietan 213 pertsona hil dira Covid-19 gaitzarekin, eta gutxienez 1.245 daude kutsatuta. Araban izan dira hildako gehien, 88.

Tolosako erresidentziaren irudia. (Jon URBE/FOKU)
Tolosako erresidentziaren irudia. (Jon URBE/FOKU)

Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiek joan den asteleheneko azken datu ofizialak eman dituzte asteazkenean. Datuen arabera, Arabako adineko pertsonen egoitzetako 88 erabiltzaile hil dira Covid-19ak eragindako osasun-krisiaren hasieratik, azken orduetan beste 6 pertsona hil ondoren. Horietatik, 49 pertsona ospitaleetan hil dira eta gainerakoak, 39, egoitzetan bertan. Guztira, 329k eman dute positibo koronabirusaren proban.

Kasu positiboetatik, 220 Araban dauden zentro pribatuen erabiltzaileak dira, 133 foru egoitzetan bizi dira eta gainerako 6ak lurraldeko udal ekipamenduetan.

Kutsatutako 32 pertsona ospitaleetan daude, baina gehiengoa, 327, erresidentzietako langileek zaintzen dute. Arabako Foru Aldundiak asteazken honetan nabarmendu du adineko pertsonentzako lau egoitzatik hiruk ez dutela koronabirusa duen pertsonarik erregistratu.

Gipuzkoako erresidentzietan 51 pertsona hil dira, eta 279k eman dute positibo birusaren proban. Azken orduetan bost heriotza eta 61 kasu berri kontabilizatu dituzte, Eider Mendoza foru-erakundeko bozeramaileak jakinarazi duenez.

Bozeramaileak azpimarratu duenez, erregistratutako kasu positiboen igoera «egoitzetan egindako testen igoerari dagokio, azken egunean egindako testen kopurua hirukoiztu egin baita».

Bizkaiko azken datuak, aldiz, apirilaren 4koak dira. Horien arabera, 33 erabiltzaile hil dira erresidentzietan. Bestalde, 234 kutsatu daude, 74 ospitaleratuta eta, kutsatutako pertsonetatik, 82 osasun langileak dira. Gainera, 351 isolamenduan daude, kasu positiboak direnik baieztatu ez den arren.

Nafarroako Gobernuak apirilaren 7an argitaratu dituen azken zifren arabera, 41 pertsona hil dira Covid-19arekin. Horrez gain, birus honekin bateragarriak diren sintomak dituzten 71 pertsona gehiago hil dira, koronabirusagatik hil ziren edo ez konfirmatu ez den arren. Hauek zenbatuz gero, 112 izango lirateke hildakoak Nafarroako erresidentzietan. Konfirmatutako positiboak 363 dira, horietatik 40 ospitaletan daude eta 323 erresidentzietan.