Amalur ARTOLA

Katixa Agirre idazlearen «Koarentena» metaforikoa, Aste Santuan GARAn eta NAIZen

Aste Santuko «opor egun» bereziotan, Katixa Agirreren ‘Koarentena’ ipuina eskainiko dute GARAk eta NAIZek. Uharte batean isolatuta dauden ama-alaben arteko harremana eta gatazka politikoa daude ipuinaren muinean. Lau ataletan eskainiko da literatur lana, bihartik astelehenera bitartean.

Katixa Agirre. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Katixa Agirre. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Koronabirusak markatzen du egunotan bai gure egunerokotasuna, eta baita agenda informatiboa ere. Ikusi besterik ez dago, berripaper zein albistegietan gaiari eskaintzen zaion espazioa, nola heldu den errealitatea ia bere osoan irenstera. Baina errealitateari erpin ezberdinetatik hel dakioke, eta horretan kulturak asko du, hemendik aurrera ere, emateko.

Filmak, liburuak, kantuak... egunotan kultur sorkuntza espazio berezia betetzen ari da gure etxeetan eta, euren isolamendu propiotik, sortzaileak ere ahalegin berezia ari dira egiten, interes komunaren aldekoa, sortzen dituzten horiek gizartearekin partekatuz. Konziente dira pentsamenduak ezin duela 24 orduz gai berean bildua egon, hegaldatzen ere utzi behar zaiola, osasunaren mesedetan.

Pentsamendu horrekin bat eginez, datozen egunotan kultur sortzaileekin bat egingo dute GARAk eta NAIZek eta, Aste Santuko «opor egun» berezi hauetan, Katixa Agirreren ‘Koarentena’ ipuina emango dute; lehen atala bihar argitaratuko da, eta hurrenek ostiral, igande –larunbatean ez dago egunkaririk– eta astelehenean ikusiko dute argia.

«Proposamena iritsi zitzaidanean aspaldian idatzitako ipuin bat etorri zitzaidan gogora, ‘Koarentena’ izenekoa, oso egokia egun hauetarako», kontatu digu Katixa Agirrek berak. Haurrak gobernatzetik ogiaren bila jaitsi deneko tartean eman digu literatur sorlanaren berri, beste askori bezala, berari ere egunotan guraso, langile eta irakasle izatea egokitu baitzaio. ‘Koarentena’ ipuin metaforikoa dela azaldu digu Agirrek: «Koarentena beste esanahi batekin erabiltzen dut hemen, esanahi metaforikoagoa. Beraz, bada koarentenari buruzko ipuin bat, baina gaiari beste angelu batetik begiratuta».

Uharte batean isolatuta dauden ama-alabak dira kontakizuneko protagonistak. Agirrek uhartea hautatu izana ez da kasualitatea, «irla bera bai baita isolamendua iradokitzen duen kontzeptua», eta hortik abiatuta ama-alaben harremanean sakontzera garamatza idazle gasteiztarrak. Hor dator benetako isolamendua. «Politikak eragin handia izan du beraien bizitzetan, hortik dator koarentenaren ideia: irla horretan egoteaz gainera politikak beraien bizitzetan izan duen eragin horregatik», aurreratu digu.

Errealitateari eta, batez ere, gure iragan hurbilari lotutako ipuina da Agirrerena, idazleak orain urte batzuk idatzi eta ordutik tiraderan gordea egon dena. «Badira urte batzuk idatzi nuela eta ia-ia ipuin historiko bezala geratu da, ze zirkunstantzia politikoengatik eta borroka armatuaren kontu guziagatik, gaur egun ia-ia historikoa ere badela kontsidera baitezakegu», iritzi du.

Kultura konfinamenduan

Orain dela bi urte argitaratu zuen Agirrek bere azken eleberria, ‘Amek ez dute’ (Elkar, 2018), arrakasta nabarmena izan duen lana. Obra ematen ari denarekin gustura agertu da Agirre, eta konfinamendua literatur lanetan izaten ari den eragina ere aipatu du. Izan ere, eleberriaren gaztelerazko itzulpena, ‘Las madres no’ (Transito, 2019), bertsio digitalean argitaratu berri da: «Orain arte ez da bertsio digitala argitaratu, editoreak nahiago duelako paperezko bertsioa, baina horrelako egoeran ezin da libururik erosi, liburu-dendak itxita daude, eta, beraz, formatu digitalean ateratzea erabaki du», azaldu du.

Konfinamendu egoeran kulturari ematen ari zaion paperaz ere jardun da idazle gasteiztarra. «Denbora-pasari lotuta ikusten dut, eta hori ere bada kulturaren roletako bat, entretenimendua, ihesbide izatea... Hori ondo dago, baina nik uste dut hemendik aurrera kulturak esateko asko izango duela, gure egoera berria edo berritasun berri hori etortzen denean gure burua birpentsatzeko eta gertatu denari buelta asko eman beharko zaizkiolako, eta hor ere egon beharko du kulturak», nabarmendu du Agirrek.

Egunotan bera ere kulturari ihesbide rol hori ematen ari zaiola kontatu digu, gorputzak hala agintzen diolako. «Momentu honetan niretzat gehiago da deskonektatzeko modua. Badago jendea oso ona dena sorkuntzan muturreko egoeretan edo angustia uneetan, baina ez da nire kasua. Nik patxada behar dut, lasai egon, niretzat hau ez da momenturik onena sortzeko», azaldu du. Orain lehentasuna, etxe gehienetan bezala, «bizirautea» dela dio, «umeekin egotea eta ama eta andereino lanak egitea, nire lanarekin ere jarraitzen dudan bitartean. Idaztearena aurreragorako utzi beharko dugu, ez dago ez astirik ez energiarik ere orain idaztera jartzeko».

Berak bere «deskonektatze» horretarako literatura eta musika erabiltzen dituela dio, «irakurri eta pianoa jo, hori da egiten dudana, baina beti deskonexio horren bila, beste mundu batzuk posible direla sinesten jarraitzeko».