NAIZ
DONOSTIA

Ilustratzaileen elkarteek ekimena abiatu dute koronabirusak eragindako egoeraz hausnartzeko

EAE, Madril, Katalunia, Galiza eta Valentziako ilustratzaileen elkarteak biltzen dituen FADIP elkargoak (gaztelerazko siglengatik) kanpaina abiatu du koronabirusaren krisiak sektorean eragin duen egoeraz hausnartzeko. Informazioarekin lurraldearteko txostena osatuko dute.

Nuria Tamarit ilustratzaileak sortu du kanpainaren irudia. (FADIP)
Nuria Tamarit ilustratzaileak sortu du kanpainaren irudia. (FADIP)

Garai zailak dira bereziki aurretik egoera xamurra ez zuten sektoreentzat eta, horietaz hitzegitea, ilustratzaileetaz hitzegitea ere bada. Sektorea kezkatuta dago eta, bide horretan, koronabirusak eragin duen krisiaz hausnarketa partekatua egin nahi du. EAE, Madril, Katalunia, Galiza eta Valentziako ilustratzaileen elkarteak biltzen dituen FADIP elkargoak (gaztelerazko singlengatik) kanpaina abiatu du ostiral honetan.

Ohar bidez zabaldu dutenez, helburua lurraldearteko txostena osatzea da «zentzu zabalenean Covid-19ak ilustrazioaren sektorean sortu duen egoeraz». Elkarte bakoitzak plazaratu dituen inkestak zabaltzeko sare sozialetan kanpaina zehatza abiarazi dute. Inkesten helburua, azaldu dute ohar berean, «ahalik eta informazio zabalena eta zehatzena biltzea da ondoren Kultura Ministerioari txostena igortzeko asmoz».

Kanpaina ostegun honetan hasi da. Funtsean, sare sozialetan Nuria Tamarit ilustratzaileak espreski sortu duen irudia partekatzea da eta bertan atxikimendua agertu behar zaio bai barne inkestari baita ondoren ministeritzara bidaltzekoa den txostenari. Kanpainaren traola #ilustraciónenlucha da.

Sektore zehatz bati eragiten dion arren, kanpaina irekia da eta edonork ager dezake bere babesa. Edozein kasutan, jakina, ilustratzaileen artean dei berezia egin dute, lehen lerro horretatik ekimena mugitu dezaten. Sare sozialeekiko zaletasuna dutenei eta jarraitzaile asko «mugitzen» dituztenei dei berezia luzatu zaie kanpainaren hasiera honetan.

Kontsulta datorren apirilaren 23ra arte egongo da zabalik eta jasotzen dituzten datu guztiekin osatuko dute txostena.