NAIZ

Euskal Herriaren dimentsio sozioekonomikoak erabilgarriago jarri ditu Gaindegiak

Euskal Herriaren dimentsio sozioekonomikoari buruzko informazioa biltzen duen plataforma berritu du Gaindegiak, argiagoa, irisgarriagoa eta intuitiboagoa izan dadin. Baliabide hauek eta etorkizunean eskainiko dituztenak eragile sozioekonomikoek egitasmo herrigile berriak bultzatzeko lagungarri izatea nahi dute.

Gaindegiaren webgunean nabarmendutako grafikoetako bat. (GAINDEGIA)
Gaindegiaren webgunean nabarmendutako grafikoetako bat. (GAINDEGIA)

Gaindegiak bere plataforma berritu du, Euskal Herriaren dimentsio sozioekonomikoak erabilgarriago jartzeko asmoz. Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak plataforma bakarrean bateratu ditu bere baliabideak, informazioaren antolaketa argiagoa, irisgarriagoa eta intuitiboagoa izan dadin.

Lau atal nagusitan antolatu ditu baliabideak: argitalpenak, bisualizazioak, datu estatistikoak eta datu espazialak.

Ohar batean azaldu duenez, plataforman biltzen diren edukiek nazioarteko estandar eta irizpideei jarraitzen diete, datu irekien eta Inspire zuzentarauaren irizpideen arabera, doan, software librearen gainean eta artxibategi-formatu estandarretan. Horrenbestez, baliabideok Euskal Herria egunerokoan bere eskuekin oratzen dutenen zerbitzura daude, izan ikasle, irakasle, aktibista sozial edo eragile ekonomiko, kazetari zein sindikalista. Euskal Herriaren garapen sozioekonomikoan interesa duen ororentzat dira.

Berritasun nagusiak

Berritasunak atal guztietan daude, baina aipatzekoak dira datu-bisualizazioentzat atal berezi bat sortu izana; 25 datu multzotan banatutako 80 fitxategirekin datu estatistikoak biltzen dituen katalogoaren erabilgarritasuna indartu izana (besteak beste JSON formatuko fitxategiak gehituz); eta, datu espazialen atalean, Atlasa berritzeko hasitako bidea.

Horretaz gain, Gaindegiak edukien hedapenerako informazio kanalak indartuko dituela jakinarazi du. Buletina eta sare sozialak (facebook, instagram eta twitter) izango dira hedapen kanal nagusiak aurrerantzean. Helburu horrekin datozen buletinerako harpidetza kanpaina abiatu du.

«Euskal Herria hamarkada batean bi astinaldi sozioekonomiko larri bizitzen ari da. Garai zailak izaten dira Euskal Herriak egitasmo sozioekonomiko herrigilea behar duela uste dugunontzat», adierazi dute.

«Urruneko administrazioek arreta guztia bereganatzen dute eta beren erabakiekin lurralde asimetriak areagotzen dituzte. Badakigu, ordea, gure herriaren geroa bertan egiten dugunari estu-estu lotuta doala. Baliabide hauek eta etorkizunean eskainiko ditugunak eragile sozioekonomikoek egitasmo herrigile berriak bultzatzeko lagungarri izango direlakoan gaude», nabarmendu dute.