Maider IANTZI

Ospitaleetan kutsatutako hondakinak jasotzen dituen robota, MUko ikasleen erronketako bat

Mondragon Unibertsitateak Covid-19arekin lotutako enpresa-erronkak planteatu dizkie ikasleei. Horietako bat erietxeetan hondakin kutsatuak jasotzen dituen robot bat sortzea da. Bertze bat, arnasgailu automatiko bat fabrikatzea.

Duela bi urte honako robota egin zuten mekanikako ikasleek. Helburua laster puntako enpresetan sartuko diren gazteak prestatzea da. (MU)
Duela bi urte honako robota egin zuten mekanikako ikasleek. Helburua laster puntako enpresetan sartuko diren gazteak prestatzea da. (MU)

Mondragon Unibertsitateak proiektuetan oinarritutako ikasketa baliatzen du (PBL) jakintza tresna bezala. Haren bidez errealitatearekin eta enpresen beharrekin harreman estua duten egitasmoak lantzen dituzte. Aurten are gehiago, Covid-19aren pandemia dela-eta.

Irakasleek orain online ikasten dabiltzan ikasleei egin dizkieten proposamenen artean, birusarekin erlazionatutako erronkei aurre egitea dago. Egitasmoak errealak izan daitezke eta orain agerian gelditzen ari diren osasunarekin lotutako beharrei erantzuteko egokiak izan daitezke.

Egokitzeko gaitasuna frogatu

MUko ikasleek dozenaka proiektu aurkeztu dituzte, horien arteko bi osasunaren arloarekin lotuak daude. Alde batetik, automatizazio eta robotika masterreko ikasleek heldu beharko diote erronkari; bertzetik, energia eta elektronikako masterrekoek. Hilabeteko epea izanen dute erronka gainditzeko.

Modu horretan irakasleek ikasleen egokitzeko gaitasuna jarri nahi dute proban, eta normalean lantzen ez dituzten bertze esparruetako erronkak gainditzeko gauza diren ikusi, osasunekoak kasu. Hori bera egin behar izan du hainbat enpresak: bere burua berrasmatu eta Covidari aurre egiteko produktuak fabrikatu.

Pandemiaren ondorioz, ikasleek ere egokitzen joan behar izan dute eta beren proiektu guztiak simulazioetan oinarritu beharko dituzte.

Proiektuen xehetasunak

Aipatutako lehenbiziko erronka robot automatiko mugikor bat diseinatzea da, pertsonekin ahalik eta kontatu gutxien izanen duena eta ospitaleetan hondakin kutsatuak (maskarak eta eskularruak, kasu) jasotzeko gai izanen dena. Bigarrena, arnasgailu automatiko bat sortzea da, erietxeetarako.

Lehenengo kasuan, robotak dimentsio jakin batzuk izanen ditu eta ospitalean barna ibiliko da. Jaso beharreko elementuak detektatuko ditu (hondakin medikuak dituzten kontenedoreak) eta kanpoaldeko jasotze puntu batera eraman. Zerbitzari bati bere posizioa eta egoera zein den transmititzeko gai izan behar du (bateria, hondakinen degradazioa, jasotako pisua...). Hala, edozein lekutatik kontrolatzeko. 

Robot honen aplikazioa erreala izan daiteke, hori bai, epe ertain batean, materialek duten kostuagatik.

Bigarren proiektua arnasgailu automatiko bat diseinatu eta sortzea da, MITek (Massachusetts Institute of Technology) emandako jarraibideetan oinarrituta. Honek ere benetako behar bati erantzuten dio. Izan ere, ospitaleetako ia ohe guztiek izaten baitute hurbil eskuzko suspertzaile bat (Ambu-Bag), erantzun azkar bat eman bahar bada erabilgarri. Osasun langileek oxigenazioa mantentzen dute poltsa zapalduta.

Gailu hori automatizatzeak estrategiarik sinpleena dirudi kostu gutxiko aireztapenaren beharra asetzeko. Kantitate handitan azkar fabrikatzeko gaitasuna izan behar du.