NAIZ

Ostiralean mobilizazioak berrabiatuko ditu eta Izan Bidea kanpainia sustatuko du Etxeratek

Deseskalatze fasea abiaturik, hurrengo ostiralean, maiatzeko azkena delarik, herriz herriko mobilizazioak berrabiatuko ditu Etxeratek, babes neurriekin baina «determinazio osoz». Honekin batera, Sarek aurkeztu berri duen Izan Bidea kanpaina indartuko duela jakinarazi du.

Kalera itzultzeko urratsa eman du Etxeratek, pandemiak eragindako ezintasunak gaindituta. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Kalera itzultzeko urratsa eman du Etxeratek, pandemiak eragindako ezintasunak gaindituta. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

«Modu gradualean eta determinazio osoz kalean errekuperatzen ari diren mobilizazioak eta ekimenak eskertu eta babesten ditugu», adierazi du larunbat honetan Etxeratek. Izan ere, elkarteak ere mobilizazioari helduko dio berriz, noiz eta hurrengo ostiralean, maiatzeko azkena, hilak 29an alegia. Covid-19aren aurkako segurtasun neurriak gordez egingo du, jakina.

«Espainia eta Frantziako gobernuak eta espetxe administrazioak salbuespena behingoz alde batera uztea eskatzen dugu, gehiago itxaron gabe, gaixo dauden presoak eta 65 urtetik gorakoak askatuz eta euskal preso politiko guztiak Euskal Herrira ekarriz, orain arte egin ez badute ere, krisiaren fase honetan posible eta ezinbestekoa delako. Hori da mobilizazio dinamikaren helburua», aipatu du prentsa ohar batean.

Honekin batera, ostiralean Sarek aurkeztu zuen Izan Bidea izeneko dinamikarekin bat egin ez ezik «indartu» egingo duela aurreratu du elkarteak. «Hortaz, datorren maiatzaren 29an, Etxeraten ohizko elkarretaratzeak, azken ostiralari dagozkionak, gauzatuko dira berriro ere herri guztietan. Eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan Sare-Herritarrak bultzatutako “Izan bidea” egitasmoaren baitan, ekimenak gauzatuko dira eta bat egiten dugu haiekin».

Mobilizazio hauei begira «egungo egoerak eskatzen duen arduraz eta zuhurtziaz jokatzeko eskatzen dugu –erantsi du Etxeratek–; hau da, osasuna lehenetsiz, norbera, gainerakoak eta Etxerat bera zaintzea izatea helburu. Hori horrela, honako neurriak hartzea proposatzen dugu: Elkarretaratzea burutzeko beharrezkoa den baimena eskatzea, pertsonen arteko 2 metroko distantzia bermatzea (markak egin daitezke lurrean), maskarak eta eskularruak erabiltzea (pankarta daramatenek batez ere) eta baimena eskatzeko orduan elkarretaratzean erabiliko diren babes eta segurtasun neurrien zehaztapena».