NAIZ

Aste osoko kutsatu kopururik baxuena erregistratu du Italiak, 531 kasu berrirekin

Babesgo Zibilaren arabera, covid-19az 50 hildako eta 531 kutsatu berri zenbatu ditu Italiak, aste osoko kopururik murritzena. Uneotan ia 57.000 pertsona daude gaixorik, bezperan baino 1.158 kasu gutxiago; horietatik %84 sintomarik gabe edo sintoma arinekin.

Osasun datuak hoberantz egin ahala, Italia ere normaltasunerantz hurbiltzen ari da, pixkanaka. (Alberto PIZZOLI / AFP PHOTO)
Osasun datuak hoberantz egin ahala, Italia ere normaltasunerantz hurbiltzen ari da, pixkanaka. (Alberto PIZZOLI / AFP PHOTO)

Lonbardia da Italian covid-19ak gogorren kolpatu duen eremua. Babesgo Zibilak emandako datuetan Lonbardiakoak falta dira, ez baitu azken 24 orduetako daturik bidali. Hori ahaztu gabe, aste osoko daturik onenak izan ditu Italiak, azken 24 orduetan covid-19az hildako 50 pertsona eta 531 kasu berri zenbatu direlako.

Pandemia joan den otsailaren 21az geroztik Italiara iritsi zenetik, 229.858 pertsona kutsatu dira orain arte. Horietatik 56.594 kasu daude oraindik koronabirusak jota. Alabaina, larunbatetik hona 1.158 kasu gutxiago daude. Kasuen %84 bere etxean dago, sintomarik gabe edo sintoma arinekin dagoelako. Aldiz, ospitalean 8.613 gaixo daude, zapatuan baino 19 kasu gutxiago, hain zuzen.

Nahiz eta joan den astelehenean 451 kasu bakarrik aurkitu ziren, martxoko aurreneko egunetara egin behar da atzera 531 kasu berri baino gutxiago aurkitzeko.

Egia da, bestalde, zapatuan 72.000 proba egin zirela eta azken 24 orduetan 55.824 proba baino ez direla egin.

Murrizketak arinduz

Beste zenbait lekutan bezala, Italian ere murrizketa neurriak arintzen ari dira, hilaren 18az geroztik batik bat. Hala, negozioak eta oro har, ekoizpen-sektorea bere osotasunean martxan dago, nahiz eta maskara derrigorrezkoa den eta pertsonatik pertsonara metro beteko distantzia mantendu behar den.

Joan den astelehenetik taberna eta jatetxeak zabalik daude, beti ere segurtasun neurri zenbaiten arabera, hala nola bezeroak elkarren ondoan jartzea saihestuz eta lokalek desinfektantea eskura izanez uneoro.

Hala ere, gazteak taldean ibiltzen ikusi diren eszenek hainbat pertsona asaldatu ditu. Erromako Trastevere edo Monti auzuneetan, kasu, gazte taldeak kalean edaten ikusi dira, maskarilla gabe eta distantzia soziala errespetatu gabe.

Erroman ikusitakoaren ondorioz, Lonbardian halakorik gerta ez dadin, Attilio Fontana gobernadoreak dekretuz zenbait muga ezarriko dituela agindu du.

Astelehenetik aurrera, berriz, gimnasioak irekiko dira Italia osoan, Lonbardian izan ezik, hauek ekainaren 1ean irekiko dituztelako.

Turismoa berpiztu nahian

Bestetik, ekainaren 3tik aurrera, Italiak bere mugak irekiko ditu berriz –Europar Batasunetik datozen turistek ez dute kuarentenarik pasa beharko, alegia– eta herrialde barruko eremu ezberdinetan zehar mugitzeko baimena emango du ere. Neurri hauen bidez uda garaiko turismoa pizgarri ekonomiko izan dadin bilatuko da, Italiako barne Produktu Gordinaren %13a suposatzen baitu.

«Enpresek eta komertzioek arnasteko airea behar dutelako turismo-fluxua berriro martxan jartzeko ahalegina egin behar dugu», adierazi du Luigi Di Maio Italiako Atzerri Ministroak, bere herrialdean turismoa eta, ondorioz, ekonomia, berpizteko ahaleginean.

Hala, esaterako, Di Maiok Austriako Alexander Schallenberg Atzerri Ministroari astelehenean bertan hots egin behar omen dio, bi herrialdeon arteko turisten joan-etorria sustatze aldera.