NAIZ

Patxi Ruizek 14. eguna bete du gose greban eta Murtziako espetxeko erizaindegian jarraitzen du

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi duenez, Patxi Ruizen osasun egoeran ez da aldaketa azpimarragarririk gertatu azken orduetan. Txantrearrak gose grebarekin jarraitzen du Murtziako espetxeko erizaindegian.

Preso ohiek larunbatean Donostian egindako manifestazioa. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Preso ohiek larunbatean Donostian egindako manifestazioa. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Patxi Ruiz Txantreako presoak egarri greba utzi zuen ostiralean baina dagoeneko 14 egun daramatza jan gabe. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi duenez, bere osasun egoeran ez da aldaketa azpimarragarririk gertatu azken egunean eta berrogeialdian jarraitzen du Murtziako espetxeko erizaindegian.

Larunbatean konfiantzazko medikua kartzelako medikuekin egon zen eta bere mediku-txostena ikusteko aukera izan zuen. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendutik azaldu zutenez, «egin dizkioten azterketen emaitzen arabera, Patxi egonkor dago, beti ere larritasunaren barnean».

Kartzelako osasun baldintzak salatzeko protesta batean parte hartzeagatik funtzionarioek eginiko mehatxuak salatzeko abiatu zuen protesta Patxi Ruizek. Joan den ostegun gauean Murtziako Virgen de la Arrixaca ospitalera eraman zuten, gose eta egarri grebaren 11. egunean. Ospitalean bi litro serum sartu zizkioten, eta amaren bisita jaso ahal izan zuen. Alta boluntarioa eskatu ondoren, kartzelara eraman zuten eta erizaindegian ingresatu, espetxe kanpotik itzultzean covid-19 gaitzaren prebentziorako berrogeialdia aplikatu diotelako.

Mobilizazio ugari egiten ari dira testinguru honetan, tartean baraualdiak, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak gogora ekarri duenez. Ildo horretan, Iruñean egindako mobilizazioan pertsona bat atxilotua izan zen larunbat arratsaldeann Gaztelu plazan. Liskar bat izan terraza batean zegoen jendearekin eta polizia manifestarien kontra oldartu zen. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak poliziak manifestariak «eraso» izana salatu du.

Kartzeletan ere protesta ekimen ezberdinak burutzen ari dira euskal presoak Patxi Ruizi elkartasuna adierazteko. Aldi berean, preso ohi batzuek, beren aldetik, mobilizazioa egin zuten Donostian larunbat honetan, espetxeak euskal agertoki politikotik desagertu behar direla aldarrikatzeko.