Ibai AZPARREN

Elkartasunak app itxura hartu du Donibane auzoan

Donibaneko Adineko Pertsonaren Aldeko Itunak, Maratxak eta San Juan Xarrek sorturiko zaintza sarean ‘Donibane Zaindu’ app-a garatu dute Iruñeko auzoan, bizilagunen beharrak (erosketak egin, farmaziara joan, haurrak zaindu...) eta boluntario berrien izen-emateak kudeatzeko aplikazioa.

Android denda ofizialetatik deskargatu daiteke eta kodeak lizentzia irekia du. (NAIZ)
Android denda ofizialetatik deskargatu daiteke eta kodeak lizentzia irekia du. (NAIZ)

Covid-19ak eragin duen egoeraren ondorioz, Iruñeko Donibane auzoan zaintza sarea sortzea erabaki zuten Donibaneko Adineko Pertsonaren Aldeko Itunak, Maratxak eta San Juan Xarrek, pertsona desberdinei beharrezkoa zuten guztian lagundu ahal izateko.

«Urteak daramatzagu esaten Donibane zahartuz doan auzoa dela, auzo bat non bere bizilagunak adindunak diren eta gauden unean egonda, afera honek kezkatzen gaitu», azaldu dute sareko kideek. Gainera, uste dute birus honek «gure erraiak mugi ditzazkeela» eta beraz, «gure onena atera», eta hau da zehazki gertatzen ari dena.

Nortasuna, elkartasuna, batasuna, parte-hartzea eta auzo hobe bat eraikitzeko konpromisoa nabaria da gaur egun Donibane auzoan. Horren adibidea da garatu berri duten ‘Donibane Zaindu’ app-a, auzoko bizilagunen beharrak (erosketak egin, farmaziara joan, haurrak zaindu...) eta boluntario berrien izen-emateak kudeatzeko aplikazioa.

«Auzoko bizilagun bat gurekin harremanetan jarri zen eta bere burua aurkeztu zuen horrelako aplikazio bat garatzeko, bere ekarpena hau izan zitekeela esanez», gogoratu dute zaintza saretik.

Silvia Ayerra da, sarearen laguntzarekin, aplikazioa garatu duen programatzaile bakarra. Lehen pausoa prototipo bat lantzea izan zen, dokumentu moduan, aplikazioaren atal eta funtzio garrantzitsuenak erakusten zituenak. «Diseinu hau sareari asko gustatu zitzaion eta zenbait aldaketaren ondoren, kodea idazteari ekin zitzaion», nabarmendu dute.

Tresna honek, zaintza-sareko kideen esanetan, «izugarri lagun diezaioke honi guztiari». Esate baterako, boluntario bakoitzak bere profilean zein trebetasun dituen zehazten dituelako eta modu honetan erraza delako ikustea nork lagun dezakeen nor; beharra duen pertsona bakoitza non bizi den mapan ikus dezaketelako eta, beraz, gertuen bizi den boluntarioa laguntzera joan daitekeelako.

Azken finean, bizilagunak laguntzea eta bidenabar, «auzokideon arteko sarearen ehunduran sakontzea» da aplikazioaren helburua. Android app moduan denda ofizialetatik deskargatu daiteke eta kodeak lizentzia irekia du, edonork deskargatu eta aldatzeko aukera izateko.

Webgunea eta beste sareetara hedatzeko aukera

Sortu duten aplikazioa Android mugikorrentzat edo tabletentzat bideratuta dago, beraz sistema eragile hori ez dutenek edo mugikorra ez dutenek ordenagailutik izena eman ahal izateko webgunea ere garatu dute.

Izan ere, bigarren fasean murgilduta, bai osasun etxetik eta baita auzo unitatetik ere behar desberdinen inguruan eskaera ugari iristen zaizkie oraindik. «Guk hauek jaso eta martxan jartzen gara», diote sareko kideek. 88 boluntariok osatzen dute laguntza sarea eta dagoeneko 100 behar desberdinei egin dieten aurre: «Jende gehiago behar? Jendea ez dago soberan inoiz ez!»

Bestalde, ‘Donibane Zaindu’ aplikazioa zaintza-sare bakar bat koordinatzeko diseinatua izan da, Iruñeko Donibane auzokoa, hain zuzen ere; nahiz eta kideek aplikazioa beste sare ezberdin batera egokitzea oso erraza dela azaldu duten.

Ildo horretan, «aldaketa txiki batzuekin» sare bat baino gehiago kudeatzeko gai izango litzatekeela uste dute. Hau lortzeko, esate baterako, laguntza eskatzeko momentuan erabiltzaileak zaintza sare bat aukeratu ahalko luke, eta boluntarioen mapan pertsonak zaintza-sareaz taldekatuak ikusiko lirateke.