Dabid Lazkanoiturburu
Dabid_lazkanoiturburu
Hungariako Orbanen «iraultza atzerakoiak» hamar urte bete ditu

Hungariako lehen ministroak hamar urte bete ditu boterean. Koronabirusaren krisiari erantzunak baieztatu egin du Viktor Orbanek autoritarismotik baino demokraziatik urrunago dagoen errejimen hibridoa eratu duela, demokrazia iliberalarena.  

29/05/2020

Viktor Orbanen «iraultza kontserbadoreak» Hungaria irauli du, botere desberdinen banaketa ahuldu du eta lehen ministro bera Europako sektore atzerakoienen aitzindari bihurtu du.

Europako Batasunak (EB) gogor gaitzetsi du Hungariaren «noraeza». Orbanek teorian independenteak diren instituzioak, epailetza tartean, eskuratu ditu aldaketa konstituzionalen bitartez, alternatiba demokratikoaren aukerak baztertuz.

Bide batez, kazetaritza, unibertsitateak eta gobernuz kanpoko erakunde (GKE) kritikoak izan ditu jomugan.

Hori bai, azken hamar urteetan egin diren hauteskunde guztiek bere gehiengo osoa indartu dute. Hiri handietatik irtenda, barne Hungarian hartzen du indarra batez ere Orbanek.

2010. urteko apirilean 10ean Orbanen alderdiak, Fidesz-ek, hauteskundeak aise irabazi zituen 2008an eztanda egin zuen «Atzeraldi Erraldoiaren» haritik eta Alderdi Sozialistek eta liberalek egin zuten gestio txarraren ondorioz.
Maiatzaren 10ean, bihar hamar urte, lehen ministro kargua hartu zuen.

Ordutik hona Parlamentuan mantendu duen gehiengo gardenak (diputatuen bi herenak) erreforma sakonak bakarka egitea ahalbideratu dio.
 
Hauen artean nabarmentzekoa «Mozal legea» da, adierazpen askatasuna murriztu duena, Fidesz-eko kideez osatzen den Kontrol-Kontseiluaren bitartez.  

EBaren presioen ondoren «Mozal legearen» muturreneko puntuak atzera bota zituen Gobernuak, baina kalteak hor daude.

Fidesz-en gertuko enpresa-gizonek hainbat komunikabide erosi dituzte, ahots kritikoak isilaraziz. Mugarik Gabeko Erreporteroen GKEak osatzen duen adierazpen askatasunaren zerrendan 89. postuan dago Hungaria. 2010ean 23.ean zegoen.

Bere lehen legealdian (2010-2014), Orbanek hainbat erreforma bultzatu zituen. Oposizioa ezertarako kontuan hartu gabe, Konstituzio berria eratu zuen. Kristatutasunaren balore atzerakoienak eta Hungaria Handiaren nostalgia Konstituzioaren ardatz bihurtu zuen.

Hauteskunde legea ere aldatu zuen, Fidesz bere alderdiaren mesedetan barrutiak eraldatuz. Horri esker, hauteskunde batetik bestera bozak galdu dituen arren (2016an %50 ez zuen lortu), bi hereneko gehiengo osoa mantentzea lortu du.  

Bide batez, justiziaren erreforma bultzatu zuen. Auzitegi Konstituzionalaren independentzia eta konpetentziak gutxituz, eta tribunalen gaineko gobernu-kontrola areagotuz.  

«Demokrazia iliberala»

2014aren udan, Orbanek sistema demokratiko «iliberal» baten beharra azpimarratu zuen eta Txina, Errusia, Turkia eta Singapur jarri zituen eredu gisa.

Europako Alderdi Popularraren aldetik kritikak jaso eta gero definizio hori baztertu egin du eta bere burua kristaudemokratatzat aurkezten du, baina argi dago liberalismoaren etsai amorratua dela.

Era horretan, Bruselaren eta Budapesten artero harremanek gero eta tirabira gehiago ezagutu dute eta Orbanek EB Sobietar Batasun ohiarekin alderatzen du: «Hungariak ez du kanpotik agintzen diotena onartuko». Horrela, bada, EBeko funtzionarioak «ezkertiar hutsak» direla esan ohi du.

Bide batez, eta Hungariako gobernuek historikoki Moskurekin harreman onak mantentzen saiatu badira, Orban urrunago joan da eta, Krimearen anexioa dela eta, EBak Errusiari ezarri zizkion zigor ekonomikoa gogor salatu du.

2014an, Orbanek eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak Hungariako zentral nuklear bakarra, Paks-ekoa, handitzeko kontratua sinatu zuten. 12.500 milioi eurotako aurrekontuarekin.

Horrela, bada, Balkaneetako herrialdearen Errusiarekiko dependentzia enerjetikoa areagotu egin da. Bost axola Orbani. Lehen ministro hungariarra eta Putin bat datoz balore kristauak, atzerakoiak eta inperial-nostalgikoak defendatzeko orduan.

2015/2016 urte bitartean ehun milaka errefuxiatuk Europako mendebaldera bidean Hungaria zeharkatu zutenean 2018ko hauteskundeetan Orbanen garaipena ziurtatu zuen. Herrialdera iritsi ez den immigrazio musulmanaren mamua erabili izan baitu aspalditik bere jarraitzaileak beldurtu eta bereganatzeko.

Orban hungariarren (magiarren) salbatzaile gisa eta Kontinentearen kristau baloreen defendatzaile moduan aurkezten da, asiloa eskatzen dutenei «kriminalak» edo «terroristak» direla leporatuz. EBak errefuxiatuekiko harrera gogortu izanak bere diskurtsoa indartu egin du, Hungarian nahiz atzerrian.

George Soros magnate estatubatuarrak, jatorriz hungariarra, du etsairik handiena Orbanek. 2013an ekin zion Sorosi iraintzeari. Gobernuaren gertuko komunikabideak erabili zituen milioidunak diruz laguntzen dituen GKE-en aurka egiteko, batez ere balore liberalen alde egiten dutelako.

2016ko otsailean, errefuxiatuen krisia gori-gori zegoenean, Orbanek immigrazioaren alde egitea leporatu zion Open Society Foundation (OSF) erakundeari, Soros berak sortutakoa.

2018ko maiatzean, OSF-k Hungariatik alde egin zuen, hiru urtez kanpaina gogor bat jasan eta gero bere langileen eta proiektuen segurtasuna ezin zuelako bermatu. Bide bera hartu zuen Sorosek 25 urte lehenago sortu zuen Europa Erdialdeko Unibertsitateak (CEU), eta Vienara ihes egin zuen.  

Horrek ez du Sorosen aurkako kanpaina kikildu. Magnate judutarrak milioika errefuxiatu Europara ustez ekartzeko planak aireratu ditu Gobernuak, semiten aurkako usaina darion kanpaina batekin.

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidente ohiari antzerako planak egotzi zizkion Orbanek. Hala eta guztiz ere, Europako Alderdi Popularra ez da oraingoz ausartu lehen ministroa eta bere alderdia taldetik botatzera, Juncker bera talde-kide izanda ere.

Kanporatuko duela mehatxu egin badio ere, Fidesz Europako Parlamentuko talde handienean jarraitzen du.

Fidesz alderdiak indartsu jarraitzen du atzerrian eta Hungarian. Urteetako zatiketa gaindituz, oposizio guztiak, ezkerretik ultraeskuinera, bat egin zuen iaz udal hauteskundeetan eta herrialdeko 23 hirietatik 11tan irabazi zuen, Budapest hiriburuan barne. 2022ko hauteskunde orokorretan batera aurkeztuko direla iragarri dute. Ikusteko dago.
Gainera, inkestek Orbanen alderdiaren garaipena iragartzen dute, bozen %55arekin. 2 milioitik gorako bozak ziurtatuta ditu, herrietako eta nekazal eremuetako hungariarrenak.

Koronabirusaren pandemia baliatu du Orbanek boterea handitzeko. Bere alderdiaren gehiengoak eperik gabe eta dekretuen bidez gobernatzeko ahalmena eman zion.

Erabakiak kritika zorrotzak jaso ditu Hungarian nahiz atzerrian.

Parlamentuak datorren astearterako iragarri du botere berezien amaiera. Horrela, bada, normaltasunera itzuliko omen da Hungaria. Orbanen «normaltasuna».

 

NAIZ KONTZERTUAK
TAOM / FOKU
Loading player...


NAIZ Kontzertuak ekimenaren bosgarren kontzertua eman zuen ETS taldeak pasa den ostiralean Bilboko Santana 27 aretoan.