Amaia EREÑAGA

Belakok ‘dena salduta’ zintzilikatu du Getxoko autozineman

Dagoeneko ez dago sarrerarik Belako taldeak Getxoko autozineman ekainaren 27an emango duen kontzerturako. Seguruenik, ‘Plastic Drama Autotour 2020’ birako beste bi guneetakoek –Madril eta Denia– bide berdina jarraituko dute.

Autozineetako bira prestatu du Belako taldeak. NAIZ
Autozineetako bira prestatu du Belako taldeak. NAIZ

Bi egunetan eta ziztu bizian saldu dira Belako taldearen ‘Plastic Drama Autotour’ izeneko ‘deskonfinamendurako bira’ bezala defini daitekeen azken kontzertuko sarrerak. 'Plastic Drama' Josu Billelabeitiak (gitarra), haren arreba Lorek (baxu jotzailea), Lander Zalakainek (bateria) eta Cris Lizarragak (teklatua) osatutako laukotearen estudioko laugarren diskoa da.

Diskoa maiatzaren 8an argitaratu behar zuten, baina egoerak bultzaturik, atzeratu egin zen, zuzeneko aurkezpena bermatu ahal izan arte, bai nazioan bai nazioartean. Zuzeneko musikaren ohiko guneen paralisia dela eta, mungiarrek  ‘B Plana’ prestatu dute; alegia, 'Plastic Drama Autotour' izeneko bira txikia, beraien lehen bira autozinetatik.

Egungoa bezalako «ziurgabetasun garaian, musika inoiz baino beharrezkoagoa» dela uste baitu taldeak. Hori dela eta, Covid-19ak eragindako berrogeialdia arintzeko asmoz, ostiralero kanta berri bat aurkeztu izan du, 'The Craft' izeneko kanta.

Beste hainbat artistek beste herrialde batzuetan jarraitutako estrategia errepikatu dute. Lehen kontzertua ekainaren 25ean egingo dute Madrileko Madrid Race autozineman (22.00), bigarrena 26an Deniako Drive In autozineman, eta azkena, 27an, Getxoko autozineman.

Diskoak irteera data berria du; abuztuaren 28an argitaratuko da. «‘The Craft’ hezi garen 1990eko hamarkadako testuinguru kulturalari erreferentzia zuzena da, baina hemen eta orain ere bada, bai eta orain edo inoiz ez ere», azaldu du Mungiako laukoteak.