Konponketa lanak amaituta, Deba eta Zumaia arteko tren zerbitzua bihar abiatuko da berriz

2019ko azaroan Sakoneta II tunela itxi zuen luiziak eragindako arazoak gaindituta, ordutik gaur arte emandako autobus zerbitzua bertan behera geratuko da trenak martxan jartzearekin batera.

NAIZ|31/05/2020
Euskotren1
Sakonetako luiziaren lanak amaitu dira eta zerbitzua bihar jarriko da martxan (IREKIA)

Euskotrenek Bilbo-Donostia lineako Deba eta Zumaia arteko tren zerbitzua jarriko du berriro martxan bihar. 2019ko azaroan Sakoneta II tunela itxi zuen luizia izan zenetik moztuta egon da tren zerbitzua, eta ordutik autobusez eman da. Autobus zerbitzua ere bihar amaituko da, trenak martxan jartzerekin batera.

Euskotreneko iturriek azaldu dutenez, luizia handia izan zen eta trenbidea eta tunelerako sarbidea oztopatu zituen. Tunela 297 metro da luze eta 1901ean eraiki zen. Egoera horren ondorioz, ezpondaren egoera epe luzean bermatuko lukeen irtenbidea diseinatu behar izan da.

Trenbideko zerbitzua moztuta egon denez, obrari premiazko izaera eman zitzaion. Hasteko, trenbidearen zati bat desmuntatu zen, makineria astuna sartzea ahalbidetzeko. Ezponda egonkortzeko ainguraketak, mikropiloteak eta hormigoi proiektatua erabili ziren.

Lan korapilotsuak

Tunela eusteko lanek beste arazo bat zuten: bere ferra forma dela eta, galiboek, alboetakoek eta altuerakoek, katenaria jartzeko oso tarte txikia uzten zuten, eta gainera ingurune naturalean kokatua dago, Geoparkearen barruan, hain zuzen ere.

Zerbitzua berriro irekitzeko egin diren azken lanak, trenbidea jartzea, katenaria instalatzea eta seinaleztapenak kontrolatzen dituzten komunikazioen berrezarpena izan dira. Azken asteetan, trenbidea mantentzeko eta berriztatzeko, garbitzeko, sastrakak kentzeko eta ezpondak eusteko lanak ere egin dira, gune zabalean, Sakoneta II tunelaren alde batean eta bestean, linea zerbitzurik gabe zegoela eta lanak egunez egin zitezkeela baliatuz.

Egokitzapenak 3,6 milioi euro inguruko gastua eragin du, horietako 1,2 milioi, autobusak erabilita egin diren ordezko bidaietan. Halaber, 1.400 metro trenbide berriztatu dira, 3.000 metro kubiko lur hondeatu eta hondakindegira eraman dira, eta 400 metro lineal mikropilote, 1.400 metro lineal buloi eta 800 metro zertxa erabili dira, guztiak ere eusteko lanak egiteko.

Zerbitzuari dagokionez, Euskotrenek neguko ohiko ordutegia ezarriko du berriro bihartik aurrera, larunbat gauetako trenetan izan ezik. Halaber, obrak egiten ari ziren bitartean ordezko garraio zerbitzuaren zain denbora gehiegi ez egoteko, asteburuetan eta jaiegunetan zerbitzuak eman dira Zumaia eta Amara artean, eta bertan behera geratuko dira. Horrela, kostaldeko lineako trenak 30 minutuan behin ibiliko dira lanegunetan eta ordutebean behin larunbat, igande eta jaiegunetan.

 

NAIZ KONTZERTUAK
TAOM / FOKU
Loading player...


NAIZ Kontzertuak ekimenaren bosgarren kontzertua eman zuen ETS taldeak pasa den ostiralean Bilboko Santana 27 aretoan.