Lanbideren «geldotasuna» salatu dute Berri Otxoak plataformako kideek Barakaldon

Berri Otxoak plataformako kideak Lanbidek Barakaldoko Beurko auzoan duen bulegoaren aurrean bildu dira erakunde honen «geldotasuna» salatzeko. Alarma egoera ezarri zenetik itxita egon dira Lanbideren bulegoak, pobreziak gora egin duen bitartean.

NAIZ|BARAKALDO|01/06/2020
Barakaldo
Berri Otxoak plataformak egindako elkarretaratzea. (BERRI OTXOAK)

Koronabirusaren maskarak jarri dituzte gaur Berri Otxoak plataformako kideek Lanbideren «geldotasuna» salatzeko. Izan ere alarma egoera ezarri zenetik pobreziak gora egin du Barakaldon, eta erakundeek ez dutela horren aurrean neurririk hartu salatu dute.

Ohar batean adierazi dutenez, alarma egoera hasi zenetik mila lagunek galdu dituzte beraien lanpostuak Barakaldon eta 3.000 lagun Elikagaien Bankura joaten dira laguntza eske, baina Lanbideko teknikariek DSBE jasotzeko 42 eskaera tramitatu dituzte azken hilabeteetan.

Zentzu honetan, Lanbideren bulegoak orain arte itxita egon direla ohartarazi dute. «Maiatzaren 11tik tabakoa erosi, pote bat hartu eta lan egin dezakegu. Baina Lanbide gaur arte itxita egon da, pobreziak gora egin duen bitartean», gaineratu dute.

Salatu dutenez, azkenengo hilabeteetan Lanbideko ordezkariek tramiteak internet bidez egiteko deia egin diete baliabiderik ez duten familiei. «Gainera telefonozko arreta-linea kolapsatua egon da eta egunak pasa izan dira emailez bidalitako aholku-eskaerak erantzun dituzten arte», kritikatu dute Berri Otxoak plataformako kideek.

Egoera honi aurre egiteko, alarma egoera indarrean dagoen bitartean pobrezian dauden familien eskaerak «automatikoki eta behin behinean onartzeko» eskatu diete Lanbideko buruei.

Salatu dutenez, Barakaldon 7.535 herritar daude langabezian, eta apirilean azken hamabost urteetako langabeziaren igoera handiena izan zen. Gainera, elikagaien bankura laguntza eske joaten diren lagunen kopurua hirukoiztu egin da koronabisuaren krisia hasi zenetik.

 

NAIZ KONTZERTUAK
TAOM / FOKU
Loading player...


NAIZ Kontzertuak ekimenaren bosgarren kontzertua eman zuen ETS taldeak pasa den ostiralean Bilboko Santana 27 aretoan.