Naiz

Baiona Berdea eta Elkarkidea: «Ekainaren 28an hautesleek beren hautua eginen dute»

Baiona Berdea eta Elkarkidea (BBE) hautagaitzak «herri eta elkargoko hauteskundeetatik ateratzen dela» baieztatu du gaur zabaldu duen oharraren bidez. Iragan larunbatean eginiko batzarrean azaleratu ziren «barneko tirabirak» aipatu ditu hautagaitzak herriko bozen bigarren itzulira ez aurkezteko aukera azaltzeko orduan. 

Joan zen martxoaren 15ean iragan zen herriko bozen lehenengo itzulian bozen %13,12 lortu zuen Jean-Claude Iriart eta Sophie Bussiere buru dituen Baiona Berdea eta Elkarkidea zerrendak.

Izan ere, lehenengo bozketa horren emaitzek kudeaketa txarra utzi zuten. Ezkerreko lehenengo indarra izanik Baiona Hiri Irekia buru duen Henri Etchetori egokitu zitzaion negoziaketa prozesua abian ematea bai BBE hautagaitzarekin baita bere alderditik baitatik sorturiko Bihar Baiona zerrenda kritikoarekin ere.

Finean Henri Etcheto eta Bihar Baiona zerrendaburu den Mathieu Berge arteko aliantza egiaztatu zen joan zen igandean.

Bezperan, Baiona Berdea eta Elkarkidea hautagaitzako lagunek ezetz erran zioten Etcheto zerrendaburu lukeen aliantza bebesteari. Hala ere bi botoko aldea baizik ez zen izan barne bozketa horretan.

Abertzaleak, ekologistak eta ezker hexagonaleko kideak bere baitan hartzen dituen hautagaitzak eginiko biltzarrean azaleraturiko «barne tirabirek» erakusten dute kide gehienek, aliantza egon ezean, lehiatik kanpo gelditzeko eginiko hautua, nabarmendu du BBEk bere oharrean.

Edonola ere batzarrak hartu zuen erabakiari bide emanez ekainaren 28an hautesleek beren hautua eginen dutela «erronka sozialak eta ekologikoak erabakigarriak izango diren agintadi berriari hasiera emanez» adierazi du hautagaitzak.

Ondorioz bigarren itzuliari begira ez du boto aholkurik emanen.

Agirian ez Iriart ezta Bussiere ere ez direla izanen «ez Herri Kontseiluan ezta Euskal Elkargoan ere» baieztatu du BBEk.

«Gure desmartxa komunaren etorkizunari buruzko erabaki bat hartu bitartean, gure arteko gehienek beraien eguneroko engaiamenduak segituko dituzte, molde eta eremu anitzetan», azaldu du elkarteak.

Finean, «berdintasuna, justizia soziala eta ekologia Baionak eta Euskal Herriak behar dituzten aldaketa sakonen ezinbesteko ardatzak direla» berretsi du bere oharrean hautagaitzak.

BBEk harturiko erabakiaren ondorioz heldu den ekainaren 28an Jean-Rene Echegaray jarduneko auzapez zentrista eta Henri Etcheto hautagai sozialistaren arteko lehia izanen da Baionan.